Irailaren 16tik 22ra Zarautzen ospatu zuten Mugikortasun Astearen inguruko balorazio positiboa egin du udalak. Orotara, sei jarduera egin zituzten herriko kaleetan bizikidetza atseginagoa lortzeko helburua zuten egitasmoaren baitan, eta horien artean, Txirrindulari Txiki Egunaren 25. edizioak izandako arrakasta nabarmendu du erakundeak.
Zarauzko Udalak aintzatetsi duenez, bizikletaren erabiltzaileekiko errespetuaren inguruan kontzientzia zabaltzea helburu zuen martxa herrikoia "ezin hobeto" atera zen. "Eguraldia lagun izan genuen, eta 500 partehartzailetik gora izanik, haurrek, guraso eta senitartekoen laguntzarekin, primeran pasatu zuten. Lehenik, lasterketaz gozatu zuten, eta jarraian, ohikoak diren txokolate beroaz eta oparien zozketaz ere bai. Bertan izan zen Xubi, mugikortasuneko maskota berria, zeinak oso harrera ona izan zuen herriko txikienen artean", nabarmendu du Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak.
Udalak nabarmendu duenez, Zarauzko Zikloturista Elkartea arduratu da 25 urteotan Txirrindulari Txiki Eguna antolatzeaz; azken urteetan, Salbideko auzo elkartearen laguntzarekin. "Boluntarioek lan aipagarria egiten dute, eskertzekoa dena, eta lan guzti hori nabari da jardunaldiaren emaitzan", baieztatu du Basurkok.
MUZA kanala
Mugikortasuneko eta Herritarren Segurtasuneko departamentuek martxan jarritako MUZA (Mugikortasuna Zarautzen) WhatsApp kanala izan da aurtengo Mugikortasun Asteko berrikuntza nagusia, eta udalak gustura agertu da herritarren artean izan duen harrerarekin. 400 herritarretik gora daude kanalean, "eta horrek pentsarazten du oso tresna interesgarria izango dela egunerokoan herritar guztiei eragiten dieten gaien berri emateko", adierazi du Mugikortasun zinegotziak.
Komunikazio kanal horretan, Zarauzko mugikortasunari zuzenean eragiten dioten gaiei buruzko informazioa jasotzeko aukera dute herritarrek: trafiko aldaketak, hiri autobusaren informazioa, arau aldaketak, kaleen erabilera egokia gogorarazteko gomendioak, eta abar.