Koaina Surf Therapyk etapa berriari ekingo dio gaur

Enara Ariznabarreta

Shelter Surfek etapa berri bati ekingo dio 14 urtez surf egokituaren eta inklusiboaren alde lanean aritu ondoren. Gaur arratsaldean, 16:30ean hasita, Koaina Surf Therapy GKE berria aurkeztuko dute Koaina Surf Challenge ekitaldian.

14 urtez surf egokituaren eta inklusiboaren alde lanean aritu ondoren, Shelter Surfek etapa berri bati emango dio hasiera gaur arratsaldean. Koaina Surf Theraphy GKE berria aurkeztuko dute Koaina Surf Challenge ekitaldian,Twin Fin Invitational Week-en barruan. Erakundea "proiektua hazteko eta surf-terapia pertsona gehiagorengana hurbiltzeko" sortu dutela azpimarratu dute.

Jardunaldiari 16:30ean emango diote hasiera etapa berri honen aurkezpenarekin, eta ondoren, surf txapelketa egingo dute. Txapelketa Tag Team formatuan jokatuko da, eta Koaina Surf Therapyko surflariek, surflari profesionalek eta enpresa laguntzaileetako pertsonek osatutako taldeek hartuko dute parte. Sari banaketaren ostean, eguna amaitzeko, Shelter Surf tabernan King Konsulen zuzeneko kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

14 urteko ibilbidea

2012an hasi zuen Aritz Aranburu surflariak  surf-terapiaren aldeko lana. 2016an Shelter Surf zentroa sortu zuen, eta orduan, jarraipen-programa jarri zuten martxan, lau hilabete eta erdiko iraupenarekin, eta Zarauzko hondartzan astero egiten diren entrenamenduekin. Ordutik, udako ikastaroak, klase egokituak eta gizarte-erakundeekin egindako jarduerak ere garatu dituzte.

Gaur egun, 8 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzendutako asteko surf-saioak eskaintzen dituzte, parte-hartzaile bakoitzaren beharretara eta autonomia-mailara egokituta. Surfaren bidez, autonomia, harreman sozialak, gaitasun fisikoak, garapen motorra eta komunikazioa lantzen dituzte, besteak beste.

Proiektuaren onurak EHUrekin elkarlanean ere aztertu dituzte. 2022an autismoaren espektroko 15 surflarirekin egindako ikerketa batek hobekuntzak antzeman zituen arlo pertsonal eta sozialean, egokitzapenean, motrizitatean eta komunikazioan. Familien testigantzek, gainera, parte-hartzaileen ongizatea, gozamena eta autonomia nabarmendu dituzte.

Etapa berrian, Koainak Salto Foundationen babesa izango du proiektua sortu eta martxan jartzeko fasean, eta EHUrekin duen lankidetzari eutsiko dio. Aranbururen hitzetan, 14 urte hauetan "surfak, programan parte hartzen duten pertsonei eta euren familiei zenbat eman diezaiekeen" ikusi dute, eta orain esperientzia hori jende gehiagorengana eraman nahi dute.

Programak azken urteetan izan duen hazkundea dago etapa berriaren atzean. Lau urtez izen-emateak itxita egon ondoren, aurten berriro ireki dituzte eta sei surflari berri batu dira. Gaur egun, 26 gaztek parte hartzen dute jarraipen-programan, eta etorkizunera begira 100 parte-hartzaile eta surf terapiako 800 ordu izatea dute helburu.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide