Gaurtik igandera arte egingo du Adarretatik musika jaialdiak, eta, aurten, emakumeen presentzia handia izango du egitasmoak. Enbor Akzio Kulturala elkarte antolatzaileak emakumeen presentzia eta protagonismoa indartu nahi izan ditu edizio honetan: "Guztira, %66,6 dira emakumeek gidatutako proposamenak, eta horrek erakusten du Adarretatiken dugun konpromisoa emakume sortzailei, musikariei eta artistei ikusgarritasun handiagoa emateko", adierazi zuen Mikel Unzurrunzaga Makala antolatzaileak egitasmoaren aurkezpenean.
Oro har, betiko ildoari jarraituko dio jaialdiak, eta osagai erakargarriz betetako egitaraua prestatu dute bederatzigarren aldirako, hainbat estilotako bederatzi musika proposamenekin.
Gaur, 80ko eta 90eko hamarkadetako musikari keinu berezia eginez abiatuko dute Adarretatik. Obrak tarteko, Munoako agertoki nagusia malekoiko Duke Enea parera lekualdatu dute. Hasiera batean, Victor Coyote iragarri zuten gonbidatu gisa, baina, zoritxarrez, abuztuan auto istripu batean zendu zen. Hori horrela, El Inquilino Comunista talde historikoak eskainiko du kontzertua; Getxo Sound mugimenduaren ordezkari nagusienetako bat da, eta rocka eta noise-popa uztartzen ditu. Getxoztarrekin batera, Gailu taldea ere igoko da Duke Eneko oholtza gainera. Okene eta Mikel Abrego anaiek eta Hodei Esteban zarauztarrak osatutako hirukoak euskal sustraiak eta doinu garaikideak izango ditu presente, elektronika, rocka eta hip-hopa tartekatuz.
Bihar, berriz, proposamen dantzagarriz apailatu dute. Odol Gaztea Brass Band taldeak herriko erdigunea erritmoz girotuko du eguerdian –aurreko aldietan arratsaldez izaten zen jaialdiko kalez kaleko emanaldia–, eta arratsaldetik aurrera, soul, funk eta disko doinu biziek hartuko dute herria. Eguneko eskaintza nagusia Patricia Reckless & The Cherry Boppers eta Brigitte Emaga & Soundara Collective taldeena izango da, zalantzarik gabe. Era berean, herriko bi tabernarekin elkarlanean, emanaldi bana antolatu dute jaialdiaren bigarren jardunaldirako: arratsalde hasieran, Donostiako La Ola Maldita taldeak Surtidor kafetegian joko du; eta gauean, kontzertu nagusiak amaitutakoan, Chica Tequila DJaren saioa izango da Marina Txikin.
Musika Plazako kioskoa Adarretatik egitasmoaren beste agertoki nagusietako bat da, eta, hain justu ere, han hasi eta amaituko dute aurtengo edizioa. Gaur, Nhil taldea arduratuko da jaialdia irekitzeaz, eta azken egunean, igandean, arratsaldez, Femmm Vocal Jazz laukoteak itxiko du egitasmoa. Hala ere, eguraldi oso ona egiten badu, azken emanaldia malekoian egin asmo dute.
EGITARAUA
Gaur, ostirala
- 18:30etatik 20:00etara. Nhil taldea, Musika Plazan.
- 22:00etatik 23:15era. El inquilino comunista taldea, malekoian.
- 23:30etatik 01:00etara. Gailu taldea, malekoian.
Bihar, larunbata
- 11:30etatik 14:00etara. Odol gaztea brass band, herriko kaleetatik Musika Plazara.
- 20:00etatik 21:30etara. La ola maldita, Surtidor kafetegian.
- 22:00etatik 23:15era. Patricia Reckless with The Cherry Boppers, malekoian.
- 23:30etatik 01:00era. Brigitte Emaga with Soundara Collective, malekoian.
- 01:00etatik 03:30etara. Chica Tequila DJ, Marina Txiki tabernan.
Etzi, igandea
- 18:30etatik 20:00etara. Femmm Vocal Jazz, Musika Plazan.