Alex Gurrutxagak parte hartu duen 'Xabier Lete. 60 Poems' liburua aurkeztu dute

Eneko Eizagirre Perez

'Xabier Lete. 60 Poems' liburuaren aurkezpen egitaldia, Donostian. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Leteren poesiaren ingelesezko antologia landu dute, eta New Yorkeko Sundial House zigiluak argitaratuko du. Poema hautaketan parte hartu dute irakasle zarauztarrak, Lourdes Otaegirekin batera.

Xabier Lete. 60 Poems liburua aurkeztu dute gaur goizean Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gunea aretoan. Bildumak Leteren hirurogei poema jasotzen ditu, jatorrizko euskarazko testuarekin eta ingelesezko itzulpenarekin.  Poemen hautaketa eta azterketa kritikoaz EHUko irakasle Alex Gurrutxaga zarauztarra aritu da, Lurdes Otaegi irakaslearekin batera.

Aurkezpenean argi utzi dute antologiaren helburua ez dela soilik Leteren poemak ingelesez eskaintzea, baizik eta haren obra nazioarteko irakurlearen esku jartzea, kalitatezko itzulpenarekin eta haren poesia ulertzeko beharrezko aparatu kritikoarekin. 

Proiektua Kirmen Uribe idazlearen ekimenez sortu da eta, hainbat urtetako lanaren ondoren, New Yorkeko Sundial House argitaletxeak plazaratuko du. Kristin Addisek zuzenean euskaratik itzuli ditu Gurrutxagak eta Otaegik aukeratutako poemak, bitarteko hizkuntzarik erabili gabe.

Donostian egindako ekitaldia liburuaren aurre-aurkezpena izan dela nabarmendu dute. Aurkezpen ofiziala New Yorkeko Columbia Universityn egingo dute datorren azaroaren 12an. AEBetako hitzorduan proiektuaren sustatzaileak, itzultzaileak eta arduradunak izango dira lana aurkezten.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide