Martxan dira Sanz Enea liburutegiko literatura solasaldiak

Intza Trula

Sanz Enea liburutegia, kanpoaldetik. (Artxibokoa)

Nerea Loiolak eskainiko ditu helduen, gazteen eta haurren euskarazko saioak eta Slawka Grabowskarekin izango dira helduen gaztelaniazko zein ingelesezko saioak. Horrez gain, Miriam Mendozak irakurketa txokoak zuzenduko ditu.

Ikasturte berriarekin batera abiatu ditu Sanz Enea liburutegiak literatura txokoak. Urtero legez, haurrentzat, gazteentzat zein helduentzat saioak egiten ari dira, eta liburutegiak datozen hilabeteetarako saioen berri eman du. Aurten ere, euskaraz, gaztelaniaz zein ingelesez izango dira saioak.

Helduen euskarazko saioei dagokienez, Nerea Loiolak eskainiko ditu. Odolekoak liburua jorratu dute lehen saioan, eta datozenetan Izurdeen aurreko bizitza eta Punto bobo landuko dituzte. Gaztelaniazko saioak Slawka Grabowskaren gidaritzapean izango dira. La sociedad literaria del pastel de piel de patata liburuaren inguruko saioak egin dituzte jada, eta ondorengoak hauek izango dira: James, Lolita, Nunca me abandones, Circe, Niña, mujer, otras, Entra el fantasma eta A escondidas. Ingelesezkoak ere Grabowskak berak emango ditu, eta hauek dira landuko dituzten liburuak: Lord of the Flies, Orbital eta The Safekeep. 

Tximilikuarteka LH 5. eta 6. mailako haurren literatura txokoa ere martxan da pasa den irailaren 23tik. Orkestra lurtarra eta Joemak eta polasak liburuak landuko dituzte datozen hilabeteotan. DBH 1. eta 2. mailakoak, berriz, aste honetan jarri dira martxan, eta ikasturtean zehar liburu hauek irakurriko dituzte: Frankenstein efektua eta Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza. Gainera, Miriam Mendozarekin irakurketa txokoak ere egingo dituzte.

Informazio gehiago eskuratu nahi dutenek 943-00 51 30 telefonora deitu edota liburutegia@zarautz.eus helbidera idatzi dezakete. Horrez gain, saioen inguruko informazioa Sanz Enea liburutegiaren Whatsapp kanalaren bidez ematen dute. 

Hau da liburuen izenburuen eta egun zehatzen zerrenda:

Helduen solasaldiak euskaraz, Nerea Loiolarekin:

  • Urriak 15 eta 22: Izurdeen aurreko bizitza, Kirmen Uribe.
  • Azaroak 12 eta 19: Punto bobo, Itsaso Martin.

Helduen solasaldiak gaztelaniaz, Slawka Grabowskarekin:

  • Urriak 8 eta 22: James, Percival Everett.
  • Azaroak 12 eta 26: Lolita, Vladimir Nabokov.
  • Urtarrilak 14 eta 28: Nunca me abandones, Kazuo Ishiguro.
  • Otsailak 11 eta 25: Circe, Madeline Miller.
  • Martxoak 4 eta 11: Niña, mujer, otras, Bernardine Evaristo.
  • Apirilak 8 eta 22: Entra el fantasma, Isabella Hammad.
  • Maiatzak 13 eta 27: A escondidas, Ivan Zaldua.

Helduen solasaldiak ingelesez, Slawka Grabowskarekin:

  • Abenduak 3: Lord of the Flies, William Golding. 
  • Martxoak 2: Orbital, Samantha Harvey.
  • Ekainak 3: The Safekeep, Yael van der Woud.

Tximilikuarteka (LH 5. eta 6. mailak), Nerea Loiolarekin:

  • Urriak 21 (Bi txanda): Orkestra lurtarra, Harkaitz Cano.
  • Azaroak 25 (Bi txanda): Joemak eta polasak, Iñigo Astiz.

Gaztelit (DBH 1. eta 2. mailak), Nerea Loiolarekin:

  • URRIAK 28: Frankenstein efektua, Elia Barcelo.
  • Azaroak 18: Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza, Harkaitz Cano.

Irakurketa Txokoa, Miriam Mendozarekin:

Urriaren 26an, azaroaren 23an, urtarrilaren 11n, otsailaren 22an, martxoaren 15ean, apirilaren 12an eta maiatzaren 10ean.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide