Aritzbatalde kiroldegiak sarbide berria du dagoeneko, eta, horri esker, herritarrek NIK Patrika mugikorreko aplikazioaren bidez edo txartel fisiko batekin sartu daitezke. Sistema berri hau indarrean dagoen araudira egokitua dagoela jakinarazi du Zarauzko Udalak.
Sistema berri honen helburuen artean daude sarbidea azkartzea eta ordu jakin batzuetan sortzen diren jende pilaketak murriztea, udalaren esanetan "kiroldegia erosoago erabiltzeko". Era horretan, trantsizioa errazteko, erabiltzaileek azalpenak jasoko dituzte posta elektronikoz, kiroldegiko kartelen bidez eta harreran bertan. Aplikazioa erabiltzen hasi nahi dutenek ere laguntza izango dutela jakinarazi du udalak.
Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziak azaldu duenez, aldaketa hau baliatu nahi dute "erabiltzaileen egunerokoa errazteko". Horregatik, "bakoitzak beretzat erosoena den modua aukeratu ahal izango du, txartela edota mugikorreko aplikazioa".
Dena den, informazio gehiago eskuratzeko, Aritzbatalde kiroldegiko harrerara jo edo kirola@zarautz.eus helbidera idatzi daiteke.