Brutalismoa zerbait itsusia, gizagabea eta gehiegizkoa bezala ulertzen da arkitekturan. Hala ere, zintzotasuna eta zuzentasuna ditu oinarri, eta eraikina sostengatzen duten egiturak dira kanpoko itxuraren elementu nagusiak. "60ko hamarkadan sortu zen estiloa da, potentzia bisual handia emateko, eta erakargarria da, oso gardena delako. Kanpotik ikusten denak, barrutik nola funtzionatzen duen erakusten du", aditzera eman du Oihana Zelaia arkitekto zarauztarrak. Hain justu ere, estilo hori ardatz hartuta, Brutala izeneko erakusketa zabaldu berri du Zarauzko Torre Luzea aretoan.
Proiektu artistikoa landu asmo zuela eta, denbora librea zuenean autoa hartu eta Euskal Herriko eraikin brutalista enblematikoak behatzera joaten zela kontatu du Zelaiak. "Horietako batzuk buruan geratu zitzaizkidan, eta pixkanaka-pixkanaka hasi nintzen modu abstraktuan imajinatzen. Hala, pare bat koadro landu nintuen, eta bi lehiaketa irabazi nituen. Bata, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Egile saria izan zen, eta bestea, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Gipuzkoako ordezkaritzarena [elkargoan bertan, Donostian, egin zuen ondoren bere lehen erakusketa]. Sariketa horiek kitzikatuta, proiektu osoa ontzera animatu nintzen", azaldu du erakusketaren abiapuntua.
"Muntaia eginez"
Arkitekto zarauztarrak argi utzi nahi izan du bere proiektu artistikoaren nahia zein izan den: "Koadro bakoitza da eraikin bakoitzaren fatxadaren berrinterpretazioa". Obra garatzeko emandako pausoen berri ere eman du: "Lehenik eta behin, eraikinaren fatxadak aztertu nituen, ondoren fatxada bakoitzaren diseinu bana ontzeko. Behin planoa eginda, elementu ezberdinekin jolasten hasten nintzen, collage gisa, muntaiak eginez, eta, hala, koadroaren bozetoa osatzen nuen".
Guztira, egurrezko hamalau koadro ekoitzi ditu, eta guztiak Torre Luzeko aretoko hormetan daude zintzilik. Gainera, obra bakoitzaren aldamenean jatorrizko erakinaren argazkia eta testutxo bat jarri ditu, informazio osagarria edukitzeaz gain, bisitariak berezkoaren eta artelanaren alderaketa egin dezan. "Ikustera datorrenarentzat, nolabait esateko, jolas gisa ere planteatzen dut erakusketa. Azken finean, nire proposamena guztiz abstraktua da", adierazi du Zelaiak.
Aukeratu dituen eraikin brutalista gehienak Gipuzkoan daude, baina badira Arabako eta Bizkaiko batzuk ere. Horien artean, Zarauzko hiru eraikin esanguratsu aukeratu ditu: Gipuzkoa kalean dagoen Telefonicaren egoitza nagusia, AP-8 autobideko ordainsariaren ondoan dagoen etxola, eta duela pare bat urte eraitsitako Arregi lantegiko pabiloia. Hain justu ere, hiru fatxada horiek, Donostiako Anoeta estadioarenarekin batera, erakusketan eskuratu daiteken katalogoan txertatu ditu; eskuorriak, gainera, brutalismoaren inguruko azalpenak ematen ditu, baita Brutala proiektu artistikoaren nondik norakoak ere.
Balioa eman
Badira deigarriak diren beste eraikin batzuen obra batzuk erakusketan, hala nola Donostiako Errekalde auzoko Coca Colaren egoitzarena, Bilboko Ignacio Aldekoa kultur etxearena eta Fremap eraikinarena, Errenteriako (Gipuzkoa) Iberconta eraikin industrialarena eta Gasteizko Repsol gasolindegiko egiturarena. "Mota horretako eraikinak gutxietsiak izan ziren, bere garaian jendeak ez batzituen oso ongi ulertzen. Denboraren iraganean, oso gaizki zainduak izan dira. Apur bat abandonatu egin dira, eta nire asmoa izan da merezi duten balioa ematea", apimarratu du zarauztarrak.
Aurki, gainera, proiektu berri batean murgilduko dela jakitera eman du Zelaiak. Brutala-ren ildo bera jarraituko du, baina egurra beharrean, metala izango da landuko duen materiala. Gainera, nazioartera egingo du jauzi: Pragan erakutsiko du. "Oso gustura nago erronka berriarekin. Azkenean, hasierako proiektu honi esker beka berri bat lortu baitut".