Partida zail baten ostean, gol batengatik menperatu zuen FC Bartzelona B taldeak Amenabar Zarautz. Larunbatean jokatu zuten neurketa, Aritzbatalde kiroldegiko kantxa zalez leporaino beteta zela, eta 32-33 amaitu zen partida.
Partidaren hasieran, Zarautzi kosta egin zitzaion jokoan sartzea, eta lehen minutuetan bost goleko aldea izatera iritsi zen Bartzelona. Denbora aurrera joan ahala, ordea, etxeko taldea erosoago sentitzen hasi zen, eta markagailuari buelta ematera ere iritsi zen. Atsedenera aurretik heldu zen Zarautz, gol bateko aldearekin. Dena den, puntu asko galdu zituen etxeko taldeak lehen zatian: sei metrotatik hamalau jaurtiketa huts egin zituen, hain justu.
Bigarren zatia parekatuagoa izan zen, eta lehia estua bizi izan zen bi taldeen artean. Baina, partida amaitzeko lau minuturen faltan bi gol jarraian jaso zituen Zarautzek, eta Bartzelona hiru goleko tartea izatera iritsi zen. Neurketaren azken hondarretan baloia edukitzen saiatu zen Zarautz, eta azken ahaleginak egin zituen berdinketa eskuratzeko, baina ez zen posible izan. Jokozainak azken txistua jo zuen, eta 32-33 amaitu zen partida, Bartzelonaren alde.