Eñaut Satrustegi eta Sara Larrea, azkarrenak Bihotzekin lasterketan

Intza Trula

Itxasmendiko San Migel jaien barruan, Bihotzez elkartearen aldeko martxa solidarioa eta lasterketa jokatu dituzte goizean. Gainera, toka txapelketa eta pala egokitua, eta jubilatuen hamaiketakoa eta haurrei zuzendutako orientazio proba ere egin dituzte, Arrai Zopa kantu taldeak girotuta.

Hiru egunen ostean, San Migel festetako azken eguna dute gaur Itxasmendi auzoan. Jai giroa protagonista nagusia izan den honetan, elkartasunari keinu bat egin nahi izan diote gaur auzotarrek: Bihotzez elkartearen aldeko Bihotzekin lasterketa eta martxa solidarioa jokatu dituzte, hain zuzen ere.

11:30ean, puntu-puntuan, atera dira lasterkariak Buztinzuri kaleko atletismo pistatik. 4,5 kilometroko ibilbidea osatu behar izan dute, hasitako leku berean amaituta. Oro har, lasterketa bizkorra izan da, baina helmuga zeharkatzen lehena Eñaut Satrustegi izan da (15 minutu eta 24 segundo). Emakumeetan, berriz, Sara Larrea izan da azkarrena (18 minutu eta 18 segundo). Sailkapen osoa herrikrosa.eus webgunean kontsulta daiteke.

Gizonezkoetan bigarren postua Mikel Arsuagarentzat izan da, eta hirugarren sailkatu da Oier Talledo. Emakumeetan, berriz, Olatz Irazoki eta Nerea Amilibia izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.

Ordubete lehenago abiatu dute martxa solidarioa dozenaka herritarrek. 3,5 kilometroko ibilbidea osatu dute hauek, bihotzeko arazoak dituzten pertsonen errealitatea ikusarazteko helburuarekin. Hain zuzen ere, lasterketatik zein martxatik lortutako dirua bihotzeko arazoak dituzten haurrei laguntzeko erabiliko dute.

Kirol hitzorduaz gainera, izan dira bestelako ekitaldiak ere goiz partean: esaterako, toka txapelketa eta pala egokitua, jubilatuentzako hamaiketakoa eta haurrentzako orientazio proba. Guzti hau, Arrai Zopa kantu taldeak girotuta egon da.

Festak amaitzeko, 16:30etik 18:00etara Chuchin Ibañez eta Jesus Tapiz mariatxi bikoteek girotuko dute Itxasmendi, eta 19:00etan jaien amaiera ekitaldia egingo dute, Txan-Txanen igoerarekin.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide