Ehundik gora kirolarik hartu dute parte Zarauzko Triatloi Taldeak estreinakoz antolatu duen Zarauzko Mendi Duatloian. Euskal zirkuituko bigarren proba puntuagarria izan dute jokoan, eta 47 lagun lehiatu dira barkakako modalitatean eta 28 bikote, berriz, errelebokako proban. Lasterketa nagusiko irabazleak Aitor San Sebastian zizurkildarra eta Maite Murgia lazkaoarra izan dira, gizonezkoetan eta emakumezkoetan, hurrenez hurren.
Eguzkia lagun zutela, ia 20 kilometroko lasterketa osatu dute Gran Camping Zarautz eta Talamendi inguruetan. Hasteko sei kilometro egin dituzte korrika, hiru kilometroko zirkuituari bi itzuli emanez; ondoren, mendiko bizikletarekin lau kilometroko ibilbideari hiru itzuli, hamabi kilometro osatuz; eta azkenik, kilometro eta erdiko korrikaldiarekin iritsi dira helmugara. Zirkuitua, gainera, desnibel handikoa izan da, eta parte hartzaileek ederki sufritu dute.
Gizonezkoetan, ia lasterketa hasieratik jarri da buruan San Sebastian. Hasierako korrikaldian indarrak neurtzen joan da, baina box eremura iritsi eta bizikleta hartu duenean, ziztuan atera da eta hortik aurrera bakarka osatu du proba osoa, 01:14;40ko denbora eginez. Endika Mantecon segurarra izan da bigarren sailkatua (01:15;35), lasterketan zehar aurreko postuetan ibili ondoren, eta hirugarren postua, berriz, Alexander Ordeñana usansolotarrarentzat izan da (01:16;22); honek atzekoz aurrerako lasterketa egin du, batez ere, bizikletako zatian lehiakide askori aurrea hartuta.
Emakumezkoen kasuan, Murgiak ere lasai antzera irabazi du Zarauzko duatloia, 01:45;27ko denborarekin. Probaren ia erdialdera arte Izarne Mayoz asteasuarra orpoz orpo izan du, baina bizikletako zatian lazkaoarrak erritmoa bizitu du eta atzean uztea lortu du, aldeak nabarmen areagotuz. Ondorioz, bigarren postuarekin konformatu behar izan du asteasuarrak (01:49;38). Hirugarren tokian, azkenik, Eli Thomas zarauztarra sailkatu da (01:57;20).
Errelebokako probari dagokionez, Mikel Telletxea eta Gartxot Iribarren nafarrek osatutako bikotea izan da azkarrena, 01:08;25eko denbora eginez, eta Nora eta Aitor Larrea bergararrak, berriz, bikote mistoetan izan dira nagusi, 01:27;34koarekin.