Adarretatik musika jaialdiak emakume kolorea izango du. Enbor Akzio Kulturala elkarte antolatzaileak emakumeen presentzia eta protagonismoa indartu nahi izan ditu, eta borondate horrekin ospatuko dute urriaren 2tik 4ra aurtengo jaialdia. "Guztira, %66,6 dira emakumeek gidatutako proposamenak, eta horrek erakusten du Adarretatiken dugun konpromisoa emakume sortzailei, musikariei eta artistei ikusgarritasun handiagoa emateko", adierazi du Mikel Unzurrunzaga Makala antolatzaileak.
Oro har, betiko ildoari jarraituko dio jaialdiak, eta Makalak argi utzi nahi izan du egitasmoa ez dela "kontzertu sorta bat" antolatze hutsa, haratago doan zerbait baizik. "Jaialdiak musika adierazpide desberdinak elkartzeko, artistaren eta publikoaren arteko topaguneak sortzeko, eta Zarautzen musika kulturaren presentzia indartzeko bokazioari eusten dio", nabarmendu du antolatzaileak. Hori horrela, osagai erakargarriz betetako egitaraua prestatu dute bederatzigarren aldirako, hainbat estilotako bederatzi musika proposamenekin.
Zoritxarreko aldaketa
80ko eta 90eko hamarkadetako musikari keinu berezia eginez abiatuko da Adarretatik, urriaren 2ko gauean. Obrak tarteko, Munoako agertoki nagusia malekoiko Duke Enea parera lekualdatu dute. Hasiera batean, Victor Coyote iragarri zuten gonbidatu gisa, baina, zoritxarrez, abuztuan auto istripu batean zendu zen. "Los Coyotes taldeko kide ohia zen, eta gertutik ezagutu zuen Madrilgo movida. Egia esan, oso gogotsu zegoen gurean jotzeko", azaldu du Makalak.
Haren hutsunea betetzeko, El Inquilino Comunista talde historikoak eskainiko du kontzertua; Getxo Sound mugimenduaren ordezkari nagusienetako bat da, eta rocka eta noise-popa uztartzen ditu. Ikusmin handia sortu da taldearen inguruan, nahiz eta Javi Letamendia taldekideak adierazi duen inoiz ez diotela jotzeari utzi. Aurten, hainbat kontzertu emateko aukera sortu zaie, eta horietako bat Zarauzkoa izango da. Getxoztarrekin batera, Gailu taldea ere igoko da Duke Eneko oholtza gainera. Okene eta Mikel Abrego anaiek eta Hodei Esteban zarauztarrak osatutako hirukoak euskal sustraiak eta doinu garaikideak izango ditu presente, elektronika, rocka eta hip-hopa tartekatuz.
Urriaren 3a, berriz, proposamen dantzagarriz apailatu dute. Odol Gaztea Brass Band taldeak herriko erdigunea erritmoz girotuko du eguerdian –aurreko aldietan arratsaldez izaten zen jaialdiko kalez kaleko emanaldia–, eta arratsaldetik aurrera, soul, funk eta disko doinu biziek hartuko dute herria. Eguneko eskaintza nagusia Patricia Reckless & The Cherry Boppers eta Brigitte Emaga & Soundara Collective taldeena izango da, zalantzarik gabe. Era berean, herriko bi tabernarekin elkarlanean, emanaldi bana antolatu dute jaialdiaren bigarren jardunaldirako: arratsalde hasieran, Donostiako La Ola Maldita taldeak Surtidor kafetegian joko du; eta gauean, kontzertu nagusiak amaitutakoan, Chica Tequila DJaren saioa izango da Marina Txikin.
Musika Plazako kioskoa Adarretatik egitasmoaren beste agertoki nagusietako bat da, eta, hain justu ere, han hasi eta amaituko dute aurtengo edizioa. Lehen egunean, Nhil taldea arduratuko da jaialdia irekitzeaz, eta azken egunean, urriaren 4an, arratsaldez, Femmm Vocal Jazz laukoteak itxiko du egitasmoa. Hala ere, eguraldi oso ona egiten badu, azken emanaldia malekoian egin asmo dute.
Esker hitzak
Makalak esker hitzak izan ditu jaialdia posible egiten duten babesle, kolaboratzaile eta boluntario guztientzat, urtez urte egitasmoaren alde apustu egiteagatik.
Irune Urbieta Kultura zinegotziak aditzera eman du udalak horrelako ekimenak sustatzen jarraitzeko prestutasuna duela, eta antolatzaileak zoriondu ditu egiten duten lanagatik. Laboral Kutxak bigarren urtez babestu du musika jaialdia; hango komunikazio arduradun Karmele Segurak adierazi du "kultura bultzatzea eta herriko artistak sustatzea" haientzat ardatz direla.
EGITARAUA
Urriak 2, ostirala
- 18:30etatik 20:00etara. Nhil taldea, Musika Plazan.
- 22:00etatik 23:15era. El inquilino comunista taldea, malekoian.
- 23:30etatik 01:00etara. Gailu taldea, malekoian.
Urriak 3, larunbata
- 11:30etatik 14:00etara. Odol gaztea brass band, herriko kaleetatik Musika Plazara.
- 20:00etatik 21:30etara. La ola maldita, Surtidor kafetegian.
- 22:00etatik 23:15era. Patricia Reckless with The Cherry Boppers, malekoian.
- 23:30etatik 01:00era. Brigitte Emaga with Soundara Collective, malekoian.
- 01:00etatik 03:30etara. Chica Tequila DJ, Marina Txiki tabernan.
Urriak 4, igandea
- 18:30etatik 20:00etara. Femmm Vocal Jazz, Musika Plazan.