Mefsst eta Metal gaua izango dira Hiruputzu gaztetxean datorren astean

Eneko Eizagirre Perez

Urriaren 1ean Mefsst kolektiboko kideek antolatutako kontzertuak izango dira Hiruputzun. Urriaren 2rako, aldiz, Metal gaua antolatu du Zarata Zarautzek.

Ostegun eta ostiral gauak musikaz beteko dira Zarauzko Hiruputzu gaztetxean. Urriaren 1ean Meffst jaialdia egingo dute, eta urriaren 2an Zarata Zarautzek antolatutako Metal gauak girotuko du gaztetxea.

Mefsst-ek antolatuta, kontzertu gau bat egingo dute Zarautzen, eta bi taldek osatuko dute egitaraua. Batetik, Bretainiatik (Frantzia) datorren An Tec´h taldeak eskainiko du kontzertua. Bestetik, Bilboko Adur taldeak girotuko du gaztetxea. Gaztetxeko ateak 21:00tan irekiko dituzte.

Ostiralean, berriz, Zarata Zarautzek hartuko du gaztetxeko kontzertuen erreleboa. Metal gaua antolatu du urriaren 2rako, eta bi talde arduratuko dira gaualdia girotzeaz. Zarauzko Putzu Beltzean taldeak irekiko du egitaraua, eta haren atzetik, Kolonbiatik datorren Última Batalla taldeak eskainiko du kontzertua. Kontzertuak 21:30ean hasiko dira.

Musika mota anitzez osatutako bi egitarauek girotuko dute Zarauzko Gaztetxea datorren asteko ostegun eta ostiral gauean.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide