Amenabar Zarautzek ezin izan du punturik ekarri Guadalajaratik

Eneko Eizagirre Perez

35-31ko emaitzarekin, Zarauzko eskubaloi taldeak ezin izan zuen menderatu Guadalajarako taldea denboraldiko bigarren partidan.

Bigarren jardunaldia izan zuen jokoan Amenabar Zarautzek asteburuan etxetik kanpo, Guadalajararen aurka, eta norgehiagoka serioa planteatu baldin bazuen ere, aurkariak gehiago izan ziren.

Zilarrezko mailara jaitsi berri den Guadalajara taldeak gogor eutsi zion Zarauzko taldeari. Hasi aurretik partida zaila zirudien arren, hasiera on batekin ekin zion neurketari Amenabar Zarautzek. Partida aurrera zihoala, taldearen indarrak gastatzen joan ziren eta atsedenaldira lau goleko aldearekin iritsi ziren: 20-16ko emaitzarekin Guadalajararen alde.

Bigarren zatian, markagailua iraultzeko asmoz atera ziren kantxara Mikel Agirrezabalagak gidatzen dituen mutilak. Une askotan aldeak murriztu zituzten arren, azkenean lau goleko aldearekin amaitu zen lehia, 35-31ko emaitzarekin.

Emaitza hori atzean utzita, larunbat honetan izango dute datorren hitzordua eta ez nolanahikoa, gainera. Izan ere, Bartzelonaren bigarren taldea izango dute aurrez aurre. Kasu honetan, taldeak etxean izango du aukera denboraldiko lehen garaipena lortzeko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide