Kirola eta inklusioa uztartu dituzte beste behin Bikote Mistoen Triatloian

Julene Sorarrain

Itsaso zakarragatik igeriketa proba bertan behera geratu bada ere, giro ederrean igaro dute goiza V. Bikote Mistoen Triatloiko parte hartzaileek.

Eguraldia lagun, ehunka lagunek gozatu dute gaur goizean V. Bikote Mistoen Triatloi Herrikoian. Dortsal guztiak agortuta, 550 parte hartzaile izan ditu Nik Tri triatloi elkarteak eta Arazi enpresak antolatutako kirol hitzorduak.

Goizeko 11:30ean ekin diote triatloiari. Parte hartzaileek uretan egin behar zuten lehen proba, baina itsasoaren egoera txarra zela eta, igeriketa saioa bertan behera uztea erabaki dute. Horren ordez, korrika hasi eta amaitu dute triatloia, eta tartean, zazpi kilometroko bizikleta ibilbidea egin dute N-634 errepidean, Iturritxikiraino joan-etorria eginez.

Iaz bezala, aurten ere ez da irabazlerik izan. Izan ere, antolatzaileek gogorarazi dutenez, proba "triatloia probatzeko edo lagunartean kirola egiteaz gozatzeko festa gisa diseinatutako hitzordua" da.

(Argazkiak: Oier Arregi eta Arnaitz Rubio Aprea).

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide