Buruhandi berriekin jolasean hasi dituzte Salbideko festak

Julene Sorarrain

Salbideko festak pasa den asteburuan hasi bazituzten ere, datozen egunotan izango da ospakizun handia auzoan. Bihar, txirrindulari txikien itzulia eta herri bazkaria egingo dituzte goizean. Arratsaldetik aurrera, berriz, musika izango da protagonista auzoan.

Salbidetarrak festa giroan murgilduta izango dira asteburu honetan ere. Izan ere, gaur arratsaldean, txupina jaurti bezain laster, festei bigarren asteburuari ekin diote. Kalejira egin dute auzoko kaleetan barrena, erraldoi eta buruhandiekin batera. Gainera, haur eta gaztetxoek buruhandi berriak aurrez aurre ezagutzeko aukera izan dute. Iluntzean, berriz, Hamarru elektrotxarangak hartuko du festa giroa pizteko ardura.

Bihar ere izango da zer ospaturik Salbiden. Zarauzko Mugikortasun Astearen barruan, txirrindulari txikien itzulia egingo dute goizean, Salbideko parketik abiatuta. 14:30ean, auzo bazkaria egingo dute, eta, ondoren, bazkalostea girotzeko aukera izango da Beñat Intxauspe eta haren lagunen eskutik. Arratsaldetik aurrera, musika izango da protagonista. Bull DJa musika jartzen ariko da Gereziondo eta Amatxilili plazen artean, eta iluntzean, berriz, Mugi panderoa eta Jaleo DJa igoko dira oholtzara.

Egitaraua

Gaur, ostirala

  • 20:30. Parrillada txosna inguruan, Auzoak Bizirik talderaren eskutik.
  • 22:00. Kontzertuak: BZN, Malko eta Burutik.

Bihar, larunbata

  • Goizean zehar, haur jolasak auzoko zelaietan.
  • 10:30. Txirrindulari txikien itzulia, Salbideko parketik hasita. Amaitzean, txokolatada.
  • 12:00. Petit Circus zirku ikuskizuna, A&B Shows taldearen eskutik.
  • 13:00. Poteoa auzoan zehar, musikaz girotua.
  • 14.30. Auzo bazkaria. Bazkaloste girotua Beñat Intxauspe eta bere lagunen eskutik.
  • 18:00. Nerabeentzako jarduerak, Haize Orratz gaztelekuaren eskutik.
  • 18:30. DJ Bull, Gereziondo eta Amatxilili plazen artean.
  • 22.30. Kontzertuak: Mugi panderoa eta DJ Jaleo.

Etzi, igandea

  • 11:00. Hamaiketakoa guztientzat, auzoko elkartearen parean.
  • 11:30. Moto eta patinete txikien lasterketa. 3-4 urtekoak moto txikien lasterketa, eta 5-6 urtekoak, patinete lasterketa.
  • 12:30. Zarautztrik trikitilariak eta erraldoiak auzoa girotzen.
  • 13:00. Toka Txapelketa, haurrentzat eta helduentzat.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide