ElkarEkin Lanean programaren baitan Urola Kostan egindako prestakuntza ibilbideetan parte hartu duten pertsonei diplomak banatzeko ekitaldia egin dute asteon UKUEren egoitzan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen programan parte hartu duten pertsonek hainbat sektoretara bideratutako prestakuntza jaso dute azken hilabeteetan, lan merkatuan sartzeko eta beren enpregagarritasuna hobetzeko helburuarekin. Gainera, Urola Kostan egindako programan, bertako udalen, prestakuntza eragileen, enpresen, erakunde publikoen eta bestelako eragileen arteko elkarlana sustatu dute.
Eskualdeko lan merkatuaren beharrei lotutako hainbat prestakuntza ibilbide garatu dituzte. UKUEko lehendakari Ion Arozenak parte hartzaileen ahalegina eta egindako ibilbidea nabarmendu zituen diplomak banatzeko ekitaldian, eta azpimarratu zuen ElkarEkin Lanean bezalako programek "pertsonen gaitasunak indartzeaz gain, lanerako aukera berriak zabaltzen" laguntzen dutela.
Halaber, euskarak prestakuntza-ibilbideetan duen garrantzia ere nabarmendu zuen: "Gure prestakuntzetan eskualde honen eta herrialde honen nortasuna ere islatzea nahi dugu, eta horregatik, euskara prestakuntzaren ezinbesteko ataltzat jotzen dugu".
Programaren bidez, parte hartzaileek lanbide ziurtagiriak lortzeko prestakuntza, zeharkako prestakuntza eta laneratzeko prozesuan laguntzeko akonpainamendua jaso dituzte; ibilbide batzuetan, gainera, euskarazko prestakuntza ere bai.
Hainbat sektoretan egin dituzte prestakuntza ibilbideak; zehazki, industrian, zaintzan, sukaldaritzan, estetikan eta garraioan.