Pagoeta mendizale elkarteak hiru eguneko irteera antolatu du Demanda mendilerro ingurura, urriaren 10, 11 eta 12rako. Hiru ibilbide egingo dituzte bertan, egun bakoitzean bat. Lehen eguneko ibilbidea Ojacastro (Errioxa) herrian hasi eta Enternan (Burgos) amaituko dute, Dehesa de Valgañón, Anguta eta Avellanosa de Rioja zeharkatuz. 17 kilometro eta 840 metroko desnibel metatua duen ibilbidea egingo dute lehen egunean, eta antolakuntzak dio natura-edertasun handiko paisaian kokatutako ibilbidea dela, basoak, antzinako bideak eta landa-eremuko herri txikiak zeharkatzen dituena. Bertako paisaia ezagutzeko sarrera bikaina omen da, baita bakeaz eta naturaz gozatzeko egun aproposa ere.
Bigarren egunean, berriz, Santa Cruz del Valle (Gaztela eta Leon) herritik abiatu eta Burgosko probintziako gailur nabarmenetako batera igoko dira, San Millanera. Ziurrenik egun gogorrena hauxe izango dela diote, izan ere, ibilbide zorrotza baina aberasgarria da, eta gailurrera iristearen eta ikuspegi panoramikoez gozatzearen zirrara eskaintzen du. Bigarren eguneko ibilbideak 22 kilometro inguru eta 1.300 metroko desnibel metatua izango ditu.
Hirugarren egunean, Fuentemolinoseko (Gaztela eta Leon) kobazulo liluragarria bisitatuko dute. Ibilbidean zehar, mota horretako kobazuloetan ohikoak diren hainbat formazio eta egitura ikusiko dituzte, eta aldi berean, haien bilakaera geologikoari zein inguruko natura-inguruneari buruz gehiago ikasteko aukera izango da. Beloradoko enpresa bat arduratuko da antolakuntzaz, eta beharrezko material guztiak beraien esku egongo dira.
Antolatzaileek jakinarazi dute udazkeneko ohiko ekipoa, beroki edo euritakoren bat, makilak, esku-zorroak, hiru egunetarako mokaduak eta ura eramatea komeni dela. Horrez gain, motxilan pisu gehiegi ez sartzeko gomendatu dute.
Irteeraren prezioei dagokienez, 25 urtera arteko bazkideek 95 euro ordaindu beharko dituzte, eta 25 urtetik gorakoek, berriz, 150 euro. Bazkide ez direnek, aldiz, 100 euro oraindu beharko dituzte 25 urte bete gabe badituzte eta, 160 euro, 25 urtetik gora badituzte. Honakoa sartzen da prezioaren barruan: joan-etorria autobusez Zarauztik, afaria, lotarako lekua, gosaria eta kobazulorako bisita. Ordainketa Kutxabanken 2095 5076 48 1065685215 kontu korronte zenbakian edo Laboral Kutxan 3035 0029 65 0290015562 kontu korronte zenbakian egin daiteke.
Izen emateko bi aukera daude: batetik, pagoetame@gmail.com helbidera idaztea norberaren datuak emanez eta ordainagiriaren dokumentua erantsiz eta, bestetik, irailaren 24an, eta urriaren 1ean eta 8an, 20:00etatik 21:00etara Pagoeta mendizale elkartera bertaratzea. Autobusa uztailaren 18an irtengo da, 06:00etan, Zarauzko Agoueseko biribilgunetik.