Zarautz Arraun Elkarteko (ZAE) neska-mutilak gero eta gertuago daude maila gorenean izatetik. Hain zuzen ere, asteburuan jokatuko dituzte Eusko Label eta Euskotren ligetarako play-off-ak, Bizkaian: larunbatean, Bermeon, eta igandean, Portugaleten. Hitzordu garrantzitsuaren atarian, bi traineruetako entrenatzaileak lehiarako gogotsu azaldu dira.
Emakumezkoen kasuan, ez dira geldirik egon abuztuan ETE liga amaitu zutenetik. Hain justu, azken bi asteburuetan Kontxako badian jokatutako jardunaldiek entrenamendu gisa balio izan diete Juanjo Etxartek gidatutako emakumeei. "Nik beti esan dut play-off-ak prestatzeko modurik onena Kontxan lehiatzea dela. Estropada oso potenteak dira, eta goiko ligan dabiltzan taldeekin lehiatzea ahalbidetzen dute. Entrenamendurik onena da, zalantzarik gabe".
Aurkariei dagokienez, Hondarribia, Tiran eta Donostiarra taldeen aurka neurtuko dituzte indarrak. Etxartek nabarmendu du, ordea, ez diela asko erreparatzen aurkariei: "Gure lanketan ari gara arreta jartzen. Hori egin behar dugu asteburuan".
Emakumezkoak gogor ari dira entrenatzen egunotan, eta Etxartek dio "orain arte egin duten gauza bera" egitea eskatzen diela taldekideei. "Urte guztiko prestaketaren amaiera dator, eta asteburuan itsasoan erakutsi beharko dugu landu duguna".
Play-off-ak fisikoki asko eskatzen duten jardunaldiak dira, baina psikologikoki ere gogorrak izan daitezke, arraunlariek asko baitute jokoan. Zarauzkoak ondo aritu dira Kontxan, eta horrek indar handia eman die arraunlariei, mentalki eta fisikoki. "Iazko Kontxan dena gaizki atera zitzaigun, min handia egin zigun esperientzia hark, eta ikasketa horrek aurtengo play-off-ei aurre egiteko balioko digu", esan du Etxartek.
Asteburuari begira, Zarauzko klubarentzat mailaz igotzea "historikoa" izango litzatekeela nabarmendu du entrenatzaileak. "Gainera, bi traineru ditugu igoera lortzeko aukerarekin, eta biak mailaz igotzea herriarentzat ikaragarria izango litzateke".
Kanporaketa "garestia"
ZAEko gizonezkoak ez dira sailkatu Kontxako Banderaren lehian aritzeko aurten, baina KAE 1 ligan denboraldi bikaina egin dute, irabazlea izan den Deustoren atzetik bi puntura amaituz. Hain justu, asteburuan gertatzen dena gertatzen dela, denboraldiko balorazioa "positiboa" dela nabarmendu du Gari Uranga entrenatzaileak.
Zarauzko gizonezkoek badakite jada zer den Eusko Label ligan lehiatzea. Izan ere, 2019an lortu zuten igotzea, eta maila gorenean aritu ziren 2021era bitartean. "Hamabi ontzi onenak ari dira maila gorenean lehian, eta kirolari guztiok nahi dugu bertan aritu; izan ere, oso garrantzitsua da onenen aurka ari zarela lehian sentitzea".
Asteburuko gakoa Bermeon jokatuko duten lehen jardunaldian emaitza ona lortzea izango da Urangarentzat. Azken bi asteetan itsasoan nahiz errioan entrenatzen aritu direla esan du. "Eusko Label ligan egon nahi duen talde batek eremu guztietan jakin behar du azkar ibiltzen".
Asteburuan, ordea, ez dira bakarrik izango Bizkaiko uretan, Ares, Tiran, Deusto eta Cabo da Cruz taldeen aurka ariko baitira. "Erlojupeko estropada izanik, ordea, ez dugu besteengan jarriko arreta. Hori bai, aurtengo kanporaketan zerbait lortzea garesti ikusten dut", aitortu du Urangak.
Asteburuari begira, entrenatzaileak azaldu du emakumeen nahiz gizonen taldeak mailaz igotzeak ondorio positiboak ekarriko lituzkeela klubera. "Traineru nagusiak goi mailan daudenean harrobia lantzea errazagoa da, eta, haur gehiago animatzen dira arrauna probatzera. Azken finean, gazteek ispilu bat behar dute, eta telebistan herriko arraunlariak ikusteak arrazoi gehiago ematen dizkie kirol hau probatzeko".
