Hondartzetan pilatzen diren hondakinak sortzen duten arazoa handia da. Egoera honi konponbidea emango dion ekimena martxan jarriko da irailaren 19an Zarauzko hondartzan. Antolatzaileen hitzetan, arazo honen konponbidearen parte izan nahi dutenei egindako gonbidapena da hau.
Hondartzako hondakinak garbitzeaz gain, bildutakoa sailkatu eta aztertuko dute. Modu horretan, garbiketa lanak ekintza baliotsu bihurtuko dira zientzia eta administrazioarentzat. Hondartzak garbitzeaz gain, horiek ez zikintzeko prebentzio ikastaro bat ere izango da, une oro profesional talde batek bideratuko baitu ekimena.
Zarauzko hondartzako pasarelaren hasieran (Iñurritza) elkartzeko egin dute deia, 11:00etan hasita, 13:00ak arte. Hondakin bilketan izena emateko, info@mater.eus helbidera idatzi edo 619 81 42 25 telefonora deitu behar da.