Eskualdeko beste hainbat herri eta auzoetan bezala, San Migel jaiak ospatuko dituzte Zarautzen ere. Irailaren 25etik 27ra, Itxasmendi auzoa jaietan murgilduko da, eta ekintza mordoa izango da auzoan. Urtero legez, festetako bigarren egunerako auzo bazkaria antolatu dute.
14:30ean bilduko dira herritarrak Pistako karpan sabela bete eta indarrak berreskuratzeko. Bertaratzen direnek menu goxoaz gozatzeko aukera izango dute: paella, oilasko hegalak patatekin eta flana izozkiarekin. Bazkaldu ondoren bingo solidarioa izango da Mi dulce guerrer@ elkartearen eskutik.
Txartelak salgai
Auzo bazkarira joan nahi dutenek aurretik erosi beharko dituzte txartelak Ogiberrin, Zuazo tabernan, Coviranen edo Orbegozo tabernan. Pertsonako gehienez 5 txartel erosteko aukera izango da, helduek 18 euro ordaindu beharko dituzte — edaria barne, ura, ardoa edo sagardoa —, eta 18 urtetik beherako gazteek 12 euro. Bazkariak edukiera mugatua izango du, beraz, antolakuntzak lehendik txartelak erostea gomendatu du.