Iazko denboraldia ezin hobeto amaitu zuen Amenabar Zarautz eskubaloi taldeak. Mikel Agirrezabalagaren taldeak helburu nagusia bete zuen, Espainiako Zilarrezko Ohorezko Mailara igotzea; partidu guztiak irabazi zituzten, bakarra izan ezik. Aurtengoa erronka handia izango dela badakite zarauztarrek, izan ere, maila bat gorago arituko dira lehiatzen, eta aurkari sendoagoak izango dituzte aurrean. Hala ere, iazko arrakastaren oinarri izan zen blokea mantendu dute.
"Bagenekien aurtengo denboraldia desberdina izango zela, taldeak askoz ere gogorragoak direlako", azaldu du entrenatzaileak. Taldeak ez du aldaketa handirik izan. Baja bakarra izan dute, eta harrobitik bi jokalari igo dituzte lehen taldera. Beraz, egitura mantendu du Amenabarrek zilarrezko mailan lehiatzeko.
Denboraldiaurrea ondo joan dela jakinarazi du Agirrezabalagak, nahiz eta talde profesionala ez izateak oztopo batzuk dakarzkien. Jokalariek beren lanak eta eginkizunak dituzte eskubaloitik kanpo, eta ondorioz, "beti egon ohi dira baja bat edo bi". Prestaketa oro har ona izan dela dio entrenatzaileak, eta taldea "gogotsu" iritsi dela denboraldiaren hasierara.
Jokalari gehienek badute Zilarrezko Ohorezko Mailaren berri. Duela hiru urte aritu ziren maila horretan, eta badakite zer aurkituko duten. "Kategoria gogorra da, zaila, eta kontaktuek beste gogortasun bat dute", azaldu du entrenatzaileak. Taldea mailaren gogortasunari aurre egiteko prest dagoela dio, baina argi dauka "puntu guztiak asko borrokatu" beharko dituztela.
Lehen partida
Lehen jardunaldian etxean Burgosen kontra jokatutako partidak sentsazio onak utzi dizkio Amenabarri. Zarauzko taldea bost gol atzetik ere ibili zen, baina markagailua berdintzea lortu, eta irabazteko aukerak izan zituen amaieran. Agirrezabalagak "balantze positiboa" egin du: "Partida ona jokatu genuen. Amaieran irabazteko aukerak izan genituen, baina eskuratutako puntua positibotzat hartu behar dugu".
Lehen neurketa, beraz, taldeak maila berrian lehiatzeko duen gaitasunaren erakusgarri izan da. Hala ere, entrenatzaileak badaki oraindik goiz dela Amenabar liga txapelketan non kokatuko den jakiteko.
Hurrengo erronka Guadalajara garaitzea izango da, etxetik kanpo. Burgos bezala, Asobaletik jaitsi berri den taldea da, azken urteetan Espainiako maila gorenean aritutakoa. Horregatik, bigarrena ere "neurketa zaila" izango dela aurreikusten du Agirrezabalagak.
"Oraindik ez ditut taldeak ezagutzen, oraintxe igo garelako mailaz", azaldu du. Lehen itzulia amaitu arte, beraz, ez du argi izango Amenabarrek zer maila duen gainerako taldeekin alderatuta. Hala ere, badaki etxetik kanpoko partida guztiak, bereziki, "oso zailak" izango direla.
Zaleen indarra
Horregatik, entrenatzailearen ustetan, etxeko partidetan egon daiteke taldearen indargune nagusietako bat. Zarauztarrek zale fidelak dituzte alboan, eta Agirrezabalagak azpimarratu du kanpotik datozen taldeentzat "hemen irabaztea zaila" dela, etxeko harmailak taldeari ematen dion babesagatik. "Etxean jokatzen duenean gehiago motibatzen da taldea", gaineratu du. Etxeko babeslekuaren faktoreaz haratago, jokoari dagokionez defentsan dinamikoak izatea, eta ahalik eta korrika gehien egitea izango dira taldea ondo ibilitzeko gakoak, entrenatzailearen aburuz.
Bien bitartean, astean lau entrenamendu egiten dituzte eta Agirrezabalaga aurkarien bideoak aztertzen aritzen da: "Talde bakoitza desberdina da, eta astean zehar gauzak prestatzen saiatzen naiz, asteburu bakoitzean egokituko zaigun aurkariari irabazteko".