Ane Santesteban txirrindulari ohia omenduko dute Kostamendi martxan

Andoni Elduaien

Ane Santesteban omenduko dute aurten. (Kostamendi)

93 kilometro inguruko ibilbidea osatuko dute parte hartzaileek igandean egingo duten II. Kostamendi zikloturista martxan. Ane Santesteban txirrindulari ohia omenduko dute Zarauztarra kirol elkartekoek, eta hura tropelean izango da.

Zarauztarra txirrindulari kirol elkarteak antolatuta, Kostamendi zikloturista martxa egingo dute bigarrenez igandean, Urola Kosta eskualdean. Guztira, 150 parte hartzaile izango dira Zarauzko Aritzbatalde kiroldegiaren atarian izango den irteera lerroan. 09:00etan ekingo diote ibilbideari, baina aurrez, 08:45ean, Ane Santesteban txirrindulari ohiari omenaldia egingo diote. Zarauztarra taldeko umeek aurreskua eskainiko diote hari, eta lore sorta eman. 

Ekitaldiaren ondoren abiatuko dute ibilbidea partaideek. Orotara, 93 kilometro inguru eta 1.275 metroko desnibel positiboa duen ibilbideari egin beharko diote aurre txirrindulariek. Besteak beste, Zarautz, Getaria, Zumaia, Zestoa, Azpeitia eta Azkoitia zeharkatuko dituzte parte hartzaileek eskualdean, baita Gipuzkoako zenbait mendate ere.

Zikloturista martxak eragina izango du trafikoan. 08:00etatik proba amaitu arte, itxita egongo da Aitze-Araba kaleko biribilgunetik Aritzbatalde kiroldegira arteko bidea. Zarauztarra elkartekoen arabera, lehen txirrindularia 12:15 inguruan iritsiko da Aritzbatalde kiroldegiaren atariko helmugara. Probaren ondoren, mokadua egiteko aukera izango dute txirrindulariek. 

Dortsalak jasotzeko

Kostamendi martxan parte hartzen dutenek dortsala eta opari poltsa jaso beharko dituzte. Larunbatean, Zarauzko Adicto Bike dendan izango da horretarako aukera, 10:00etatik 20:00etara bitartean. Dena den, martxa egin aurretik dortsala eta oparia egunean bertan jasotzeko aukera ere eskainiko dute antolatzaileek. Aritzbatalde pilotalekuan jarriko dute horretarako mahaia, 07:00etatik 08:15era.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide