Dortsal guztiak agortuta, 550 lagunek parte hartuko dute igande honetan Bik Tri Marmarra V. Bikote Mistoen Triatloi Herrikoian. Kirol egitasmoaren berri emateko, aurkezpen agerraldia egin dute gaur eguerdian probaren babesle den Marmarra enpresaren instalazioetan. Bertan izan dira Nik Tri elkarteko lehendakari Mikel Lasa, Zarauzko Udaleko Kirol zinegotzi Inaxio Illarramendi, Marmarrako ordezkari Ainhoa Gesalaga eta Berazadi Berriko ordezkari Aitor Lizaso.
Nik Tri triatloi elkarteak eta Arazi enpresak antolatzen duten kirol egitasmoak izaera parekidea eta ludikoa du. Alde batetik, emakume eta gizon banak osatutako bikoteei zuzenduta dago, parte hartze ekitatiboa sustatu nahi baitute. Bestetik, denborak txip bidez kontrolatuko dituzten arren, parte hartzea da helburu nagusia, eta, ohiko lasteketetan ez bezala, ez da podiumik izango. Zentzu horretan, triatloia probatzeko edo lagunartean kirola egiteaz gozatzeko festa gisa diseinatutako hitzordua dela gogorarazi dute antolatzaileek.
11:30ean hasiko da proba, eta egin beharreko lanak honako hauek izango dira: 350 metro igerian, kai-muturretik hondartzara; zazpi kilometro bizikletaz, N-634 errepidean, Iturritxikiraino eta buelta eginez; eta, azkenik, 1,7 kilometro korrika, malekoian. Pilaketak saihesteko eta probaren garapena errazteko, irteerak modu mailakatuan egingo dituzte. Hamabost bikoteko taldeetan abiatuko dira partaideak, 90 segundoko tartearekin.
Aurten, Munoako obrak direla medio, box eremua malekoian atonduko dutela jakinarazi dute antolatzaileek, Duke Enea parean, hain zuzen ere. Gainerakoan, ohiko dinamika bera izango du Bikote Mistoen Triatloi Herrikoiak, eta argi utzi nahi izan dute parte hartzaileen segurtasuna antolakuntzaren ardatz nagusietako bat izango dela; errepidea ibilgailuentzat itxita egongo da, eta segurtasun dispositibo bereziak jarriko dituzte uretan zein lehorrean.