Udako etenaren ostean, pentsio duinen aldarria kalean da berriro

Ihintza Elustondo

Pentsiodunak atzo, Lege Zaharren Enparantzan, ikasturteko lehen elkarretaratzean. (Utzitakoa)

Ikasturteko lehen elkarretaratzea egin zuten atzo Lege Zaharren Enparantzan. 36 herritar elkartu ziren pentsio duinak aldarrikatzeko helburuarekin.

Udako etenaldiaren ostean, pentsiodunek berriro heldu diete elkarretaratzeei. Atzo eguerdian egin zuten ikasturteko lehen bilkura, eta 36 herritar batu ziren deialdira. 12:00etan bildu ziren, eta aurrerantzean, hala egingo dute astelehenero. Nabarmendu zutenez, pentsiodunen erosteko ahalmena gero eta txikiagoa da, eta haien aburuz, ezinbestekoa da gutxieneko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea.

Aldarrikapen horri indarra emateko, datozen hilabeteetan bi hitzordu garrantzitsu dituztela jakinarazi zuten pentsiodunek. Batetik, urriaren 24an, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bat egingo du Espainiako Estatuko pentsiodunek Madrilen deitu duten manifestazioarekin, eta hara joateko dei egin diete herritar guztiei.

Bestetik, azaroaren 3an, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak topaketa egingo du Gasteizen, orain arte egindako borrokaren bidez lortutako helburuak plazaratzeko eta proiektu berriak proposatzeko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide