Lucia Machadok eta Iker Amatriainek irabazi dute Shelter 4Teens-eko open lehia

Aritz Mutiozabal

174 surflarik hartu dute parte asteburu osoan surf egitasmoaren hamargarren urteurrenean. 14 urtez azpiko mailan, Martina Pertegak eta Ruben Hussonek irabazi zuten. Surf egokituan, berriz, Iker Osak.

10. Shelter 4Teens txapelketa jokatu du asteburu honetan, 174 surflariren parte hartzearekin, Borghetton inguruan. Aurten, urteurren borobila izanda, open mailako lehia berezia antolatu dute, aurreko aldietan nabarmendu diren hamasei surflarirekin, ohiko gazteen eta surf egokituko txapelketez gainera. Ostiralean hasi ziren open mailako lehia eta finalak atzo arratsaldean jokatu zituzten ikusmin handiarekin. Emakumezkoetan, Lucia Machado kanariarra izanzen garaile, eta gizonezkoetan, Iker Amatriain zarauztarra. Txapeldunek 1.500 euroko saria jaso zuten, eta bigarren sailkatuak Nora Alvarez eta Hans Odriozola izan ziren, 1.000 eurona eskuratuz.

14 urtez azpiko kategorian, maila itzela erakutsi zuten Euskal Herriko, Espainiako zein atzerriko surflariek. Nesketan, Martina Pertega asturiarra nagusitu zen, eta mutiletan, berriz, Guadalupe irletako Ruben Husson. Zortzi finalistek, gainera, lau eguneko surf egonaldia lortu zuten Aritz Aranburu, Indar Unanue, Iker Amatriain eta Rudy Palmboom surflariekin.

10 urtez azpiko talde mistoko eta surf egokituko finalak larunbat arratsaldean jokatu zituzten. Talde irabazlea Helene Morris, Markel Artano, Jakes Ruiz Barrena, Adur Gonzalez-Etxabarri Martiartu, Ibon Treviño eta Aritz Flabeauk osatu zuten. Bestalde, Iker Osa izan zen surf egokituko kategoriako irabazlea.

Sailkapena

Open emakumezkoak
1. Lucia Machado
2. Nora Alvarez

Open gizonezkoak
1. Iker Amatriain
2. Hans Odriozola

14 urtez azpiko mutilak
1. Ruben Husson
2. Nel Raposo
3. Kyan Picon
4. Lennox Lindsay

14 urtez azpiko neskak
1. Martina Pertega
2. Kora Calderon
3. Alaia Garlough
4. Karla Marco

Surf egokitua
1. Iker Osa

10 urtez azpiko talde mistoa
Helene Morris, Markel Artano, Jakes Ruiz Barrena, Adur Gonzalez-Etxabarri Martiartu, Ibon Treviño eta Aritz Flabeau.

(Argazkiak: Shelter 4Teens)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide