Puntu bat lortuta ekin dio Amenabar Zarautzek Zilarrezko Mailako denboraldiari

Julene Frantzesena

Amenabar Zarautzeko jokalariak atzo aldageletan. (Utzitakoa)

Zarauzko gizonen eskubaloi taldeak Aritzbataldeko kantxan jokatu zuen ligako lehen neurketa larunbat arratsaldean. Joan zen denboraldia sailkapeneko hirugarren postuan bukatu zuen UBU San Pablo Burgos taldea izan zuen parez pare, eta berdinketa erdietsi zuten Kapaxkok zuzentzen duen taldeko jokalariek: 26na bukatu zen neurketa. Datorren asteburuan Guadalajaran jokatuko du Amenabar Zarautzek.

Amenabar Zarautz eskubaloi taldeak nahikoa ondo hasi du Zilarrezko Ohorezko Mailako denboraldia. Izan ere, larunbat arratsaldean jokatu zuten Mikel Agirrezabalaga Kapaxko-k gidatzen duen taldeko mutilek ligako lehen partida, UBU San Pablo Burgosen kontra, etxean, Aritzbatalde kiroldegiko kantxan. Partida ia guztian markagailuan atzetik izan zen Zarauzko taldea, baina Burgosko taldea harrapatzea eta partida berdintzea lortu zuen; 26na bukatu zen norgehiagoka. Ondorioz, puntu bat eskuratu du taldeak estraineko partidan.

Ez zen nolanahiko aurkaria izan Zarauzko taldeak parez pare izan zuena. Izan ere, Burgosko taldeak sailkapeneko hirugarren postuan bukatu zuen joan zen denboraldia. Dena den, Aritzbatalde bete zuen zaleen indarrari esker, Amenabar Zarauzko jokalariek borroka egin eta neurketa berdintzea lortu zuten. Partidaren lehen zatian 10 eta 14 zen atzetik Amenabar Zarautz, eta bigarren zatian, Burgosek bost goleko abantaila hartu bazuen ere, egoera iraultzea lortu zuten etxekoek: aldea murriztuta, azken minuturako berdinketan zen markagailua. 

Ligako bigarren hitzordua datorren asteburuan izango dute Zarauzko eskubaloi jokalariek. Larunbatean jokatuko dute partida, 16:30ean hasita, Guadalajaran. Aurkari gogorra izango du aurrez aurre Zarauzko taldeak, iaz Asobal ligatik jaitsitako taldea atzera maila horretara igotzeko faborito nagusienetakoa baita.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide