Atzo goizean Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkarteak antolatutako IV. Juan Jose Beraziertoren Oroimenezko txirrindularitza proba jokatu zuten, eta Julien Casterak irabazi zuen lasterketa. Guztira 83 kilometro egin zituzten Meagan barrena.
Junior eta kadete mailako 94 txirrindulari lehiatu ziren bertan, eta bigarren eta hirugarren postuak Alban Alvarezetzat eta Louca Maisonneuverentzat izan ziren, hurrenez hurren. Zumaiako Viveros San Anton taldean ari den Lukas Blanco zarauztarrak 65. postuan amaitu zuen lasterketa. Halaber, Eulen-Amenabar taldeak Naia Mangas aurkeztu zuen, lasterketan parte hartu zuen neska bakarra, 87. postua eskuratuz. Mendiko saria ere banatu zuten: Theo Verak eskuratu zuen hori, hain justu.