Asier Dakosta eta Zeru gailendu dira arraza libreko Gipuzkoako 27. Artzain Txakur Txapelketan

Onintza Lete Arrieta

Txapelketako partaideak, amaieran, Xabier Txurruka Zarauzko alkatearekin eta Artxate elkarteko ordezkariarekin. (Utzitakoa)

Euskal Astearen barruan, Jose Luis Saizar zenaren omenez jokatu zuten atzo arratsaldean txapelketa, Amalur parkean. 

Euskal Astearen barruan jokatu zuten atzo arratsaldean Jose Luis Saizar zenaren omenezko arraza libreko Gipuzkoako 27. Artzain Txakur Txapelketa. 17:30ean hasi ziren lehiatzen, artzainak aginduak emanez eta txakurrak artaldea gidatuz. Zazpi minutuan hainbat proba egin behar ziren, eta abilena Asier Dakosta izan zen, Zeru txakurraren laguntzarekin. 261 puntu eskuratu zituzten. 

Sei artzainek parte hartu zuten lehian zazpi txakurrekin, Javier Gastañaga antzuolarrak Cool-ekin parte hartu zuelako aurrena, eta Fol-ekin, gero. Gainerako partaideak honakoak izan ziren: Manuel Gorriti aizarnazabaldarra Turbo txakurrarekin; Asier Dakosta aretxabaletarra Zeru-rekin; Xabier Gastañaga antzuolarra Sandy-rekin; Iñaki Irigoras urretxuarra Thor-ekin; eta Pello Segurola matxinbentarra Jak-ekin. Epaile lanetan, berriz, Mikel Garate eta Pagazaurtundua aritu ziren.

Probak eguzki galdatan egin zituzten, baina ikusle asko elkartu zen hala ere; aterkia zabaldu zuenik ere izan zen eguzki izpiei aurre egiteko. Proban zehar isiltasuna eskatzen zuten antolatzaileek txakurrek artzainen aginduak ondo entzun zitzaten, eta errespetatu zuten hori haurrek nahiz helduek. 

Sailkapena honela gelditu zen:

1. Asier Dakosta eta Zeru, 261 puntu.

2. Iñaki Irigoras eta Thor, 202 puntu.

3. Xabier Gaztañaga eta Sandy, 168 puntu.

4. Javier Gaztañaga eta Cool, 122 puntu.

5. Pello Segurola eta Jak, 94 puntu.

6. Manuel Gorriti eta Turbo, 83 puntu.

7.Javier Gaztañaga eta Fool, 24 puntu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide