Aner Peritz, txapelketarako "prest eta gogoz"

Julene Frantzesena

Aurreneko aldiz parte hartuko du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan. Lekeitioko saioan abestuko du hilaren 27an, igandez. Hastear den txapelketara begira, helburu handirik ez dio jarri bere buruari, baina aukera aprobetxatzea nahi du.

Hasi da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako atzera kontaketa, eta bertsolariak hasiak dira halako hitzordu batek sor ditzakeen sentimenduak nabaritzen. Aner Peritz zarauztarra da aurtengo txapelketan ariko den bertsolarietako bat, eta hark ekiteko "prest eta gogoz" dagoela adierazi du. Gukak harekin hitz egin zuen joan zen ostegunean, Azpeitian egindako txapelketaren aurkezpen festan.

Aurreneko aldiz parte hartuko du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan. Peritz 2024ko Gipuzkoako Txapelketako aparretatik iritsi da lehiara, han ere lehen aldiz parte hartu zuen, eta finalera iritsi zen;  "sorpresaz" hark esan duenez. Hastear den txapelketara begira, helburu handirik ez dio jarri bere buruari: "Nahiko nuke joan, kantatu, gustura geratu egindakoarekin, kokatuta egon saioan...". Euskal Herriko Txapelketa "aukera" bat iruditzen zaio, eta aukera hori baliatzea nahi du, gutxienez, aukera aprobetxatu duela sentitzea.

Lekeition (Bizkaia) izango du txapelketako lehen hitzordua hilaren 27an, igandez. Agertokian izango dira Eneritz Artetxe, Aitor Bizkarra, Ane Labaka, Maddalen Arzallus eta Aroa Arrizubieta. Saiorako sarrerak honako lotura honetan eskura daitezke.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide