Udalak aurrera jarraitzen du herriko animalien ongizaterako eta bizikidetzarako ordenantza berria garatzeko parte hartze prozesuarekin, eta datorren asteraterako, irailaren 15erako, bigarren bilera irekia antolatu du. Etxezabalako bilera aretoan izango da, 18:00etan hasita, eta herrital guztiei bertaratzeko deialdia egiteaz gain, animalien babesean diharduten elkarteak, herriko katu-kolonietako zaintzaileak eta alderdi politikoak gonbidatu dituzte.
Uztailaren 27an egin zuten lehen aurkezpen-bilera, eta, aldi hartan, herritarren zein eragileen lehen ekarpenak jaso zituzten. Orain, astearteko bigarren lan jardunaldian, orain arte jasotako proposamenak partekatuko dituzte, eta, lankidetzaren bidez, ordenantza berriari forma ematen hasiko dira. Saio horren ostean, parte-hartze prozesuak martxan jarraituko du; izan ere, araudia behin betikoz idatzi aurretik herritarren ekarpen gehiago biltzeko asmioa dute.
Lehen saioan bezala, Think in Green Global enpresak koordinatuko du prozesua, Sergio Torres gidaritzapean. Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatu ahal izateko, aldibereko interpretazio-zerbitzua eskainiko du udalak.
Udaleko Animalien Ongizateko zinegotzi Inaxio Illarramendik lehen bilerara bertaratu zirenen inplikazioa eskertu du. Bere esanetan, bilera hartan eta ondorengo asteetan jasotako ekarpenak "oso baliotsuak" izan dira abiapuntu modura. Hori horrela, prozesuan modu aktiboan parte hartzen jarraitzeko deia egin die herritarrei: "Orain, jasotako horri guztiari forma ematen hasteko unea da. Zarauzko errealitatea islatuko dituen araudi bat lortu nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa da herritarrekin eskuz esku eraikitzen jarraitzea".