Bihar goizean, IV. Juan Jose Beraziertoren Oroimenezko txirrindularitza proba jokatuko dute, Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkarteak antolatuta. Guztira, junior eta kadete mailako 131 txirrindularik eman dute izena, eta horien artean, Zumaiako Viveros San Anton taldean ari den Lukas Blanco zarauztarrak hartuko du parte.
Zarauztarra elkarteak aurtengo denboraldian talderik osatu ez duenez, ez du ordezkaririk izango proban. Eulen-Amenabar taldea presente izango da, eta, gainera, lasterketan parte hartuko duen neska bakarra aurkeztuko du: Naia Mangas.
Ibilbideari dagokionez, 83 kilometro inguruko lasterketa osatu beharko dute parte hartzaileek. 10:00etan egingo dute irteera Araba kaletik, Gurmendi plaza paretik, eta bizkorrena 12:00ak aldera iritsiko da toki berera, antolatzaileen aurreikuspenen arabera. Txirrindulariak kostako errepidea hartuko dute, eta Getaria eta Zumaia igaro ondoren, Oikiarantz abiatuko dira, jarraian Meagatik Zarautzera buelta egiteko. Zirkuiti horri lau itzuli eman beharko dizkiote helmugaratu aurretik.
Iaz Aimar Fernandez de Gorostizak irabazi zuen proba, eta bigarren eta hirugarren postuak Eñaut Bilbaorentzat eta Beñat Sainzentzat izan ziren, hurrenez hurren.