Abian da Europako Mugikortasunaren Astea eta aurten, Mugikortasuna pertsona guztientzat lelopean, adin talde guztietara egokitutako garraio sistemak izango dituen mugikortasuna jarri dute lehen lerroan, "belaunaldien arteko topaketa eta trukea erraztuko duena, segurtasunez eta erosotasunez mugitzeko aukera emango duena, edota ondare zuzen eta iraunkorra sustatuko duena", besteak beste.
Hori kontuan izanik, Zarauzko Udalak ere adin tarte guztiei zuzendutako programa ondu du aurtengo Mugikortasun Asterako. Hain zuen ere, jardueren berri emateko agerraldia egin zuten atzo Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak eta Gervasio Gabirondo Herritarren Segurtasunerako zinegotziak. Orotara, sei ekintzak osatzen dute programa, eta datorren irailaren 16an, asteazkenean, irekiko dute, Pertsona guztientzako mobilitatea topaketarekin. Helburua belaunaldien eta mugikortasun mota ezberdinen arteko elkarbizitzarako gune bat eskaintzea da, eta Eguzkilore eraikinaren aurrean elkartuko dira, 11:00etatik 12:00etara.
Irailaren 18an, ostiralarekin, Partekatutako bideak. Emandako pausoak eta lege aldaketen aukerak hitzaldia eskainiko dute Etxezabala aretoan, 18:00etan. Udaleko Mugikortasun departamentuko arduradunek hartuko dute hitza, eta datorren hilean Trafikoaren Araudi Orokorrean indarrean sartuko diren lege aldaketak izango dituzte hizpide, besteak beste.
Salbideko festen barruan, Txirrindulari Txiki Eguna ospatuko dute irailaren 19an, larunbatarekin, 10:30etik aurrera, eta aurten, berrikuntza batekin dator: Xubiren parte hartzea. Mugikortasun departamentuak sortutako maskotak herritarrak, bereziki haurrak eta gazteak, "mugikortasun arduratsu eta errespetuzko baten alde lan egiteko beharraz kontzientziatzea" du helburu.
Irailaren 19an, halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak furgoneta bat jarriko du malekoian, Eguzkilore aurrean, eta 10:30etik 14:00etara, bizikletak konpontzeko zerbitzua eskainiko dute han. Leku berean, gainera, escape room jarduera bat ere egingo dute.
Mugikortasun Asteko jarduerekin amaitzeko, irailaren 22an, Autorik Gabeko Nazioarteko Egunean, motordun ibilgailuen zirkulazioa eten egingo dute San Frantzisko eta Zigordia kaleen artean, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. “Mozketa horrekin adierazi nahi dugu posible dela mugikortasun jasangarriago baten aldeko urratsak egitea, eta, udalerri gisa, gure joan-etorrietarako ohiturak eraldatzeko beharrezko gaitasuna eta konpromisoa ditugula”, azpimarratu du Gabirondok.
Martxan da Muza kanala
Mugikortasunaren Asteko jarduerak azaltzeaz gain, atzoko agerraldian Mugikortasuna, Errespetua eta Elkarbizitza kanpainaren barruan kokatzen diren hainbat ekintzaren berri ere eman zuten zinegotziek. Mugikortasun eta Herritarren Segurtasun departamentuek bultzatuta, "herriko mugikortasun eredua hiru zutabe horiek kontuan hartuta" garatzea du helburu kanpainak.
Hori horrela izanda, datozen egunetan udalak oinezkoen, motordun ibilgailuen gidarien zein bizikleta eta patinete erabiltzaileen arteko elkarbizitza hobetzeko aholku erabilgarriak jasoko dituen gida argitaratuko du. Gida hainbat udal eraikinetan eskuratu ahal izango da, hala nola Aritzbatalde kiroldegian, Sanz Eneako liburutegian, Udaltzaingoan, Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) edota ikastetxeetan. Formatu digitalean ere eskuragarri egongo da udalaren webgunean, Mugikortasuna atalean. Gidak jasotzen dituen aholkuak indartzeko, hainbat GIF animatu sortu dira sare sozialen bidez zabaltzeko.
Kanpainaren barruan, herritar guztiei zuzendutako berrikuntza bat aurkeztu dute: Muza Whatsapp kanala. Aurten martxan jarri duten tresnak mugikortasunarekin lotutako informazioa eskainiko die herritarrei, hala nola trafiko oharrak, errepide mozketak, mugikortasunari buruzko araudia eta aldaketak, Hiribusari buruzko informazio eguneratua, tren zerbitzuetako gorabeherak, edota antolatzen diren kanpaina, zozketa eta ekitaldien gainekoa. Kanalera harpidetzeko, kanpainaren gidan nahiz herriko markesinetako biniloetan jarri duten QR kodea eskanea daiteke.