Ondarearen Europako Jardunaldietan, Zarauzko ondareaz mahai ingurua antolatu dute

Nerea Uranga

Zarauzko aspaldiko irudi bat. (Ondharez)

Ondarearen Europako Jardunaldien X. edizioa da aurten egingo dutena, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta eta hainbat eragilerekin elkarlanean. Tokian tokiko ondarea ezagutarazteko eta zaintzeko antolatu dituzte jarduerak Gipuzkoako 36 udalerritan. Herriko ondareaz eta transmisioaz mahai inguru irekia antolatu dute Zarautzen urriaren 20rako, Ondharez elkartearekin elkarlanean.

Hamargarren aldiz egingo dituzte Ondarearen Europako Jardunaldiak Gipuzkoan, lurraldeko ondarea kontserbatzeko, zaintzeko eta ezagutarazteko. Irailean, urrian eta azaroan izango dira jarduerak Gipuzkoako 36 udalerritan; tartean, Zarautzen. Urriaren 20rako (asteartea), Zarautzeko ondarea arriskuan: ondare guneak eta transmisioa. izenburuko mahai inguru irekia antolatu dute, 19:00etan hasita, Antoniano aretoan.

Ondharez Zarauzko ondarearen ezagutza, babesa eta zabalkundea sustatzeko elkartearekin elkarlanean antolatu dute urriaren 20ko solasaldia, Ondarea arriskuan gaia hiru ildotatik jorratzeko asmoz: "Ondare inmateriala berpiztu eta transmisioa sendotzeko; arriskuan dauden ondare guneak identifikatu eta haien babesa indartzeko; eta ondarea berrinterpretatu, erabilera berriak proposatu eta etorkizunerako ikuspegi partekatua eraikitzeko".

Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak nabarmendu duenez, Ondarearen Europako Jaurdunaldien helburua da "memoria kolektiboa gordetzea eta gizarte osoaren zerbitzura jartzea". Gure eskuetan lelo hartuta, arriskuan dagoen kultura ondarearen inguruan egingo dituzte aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldiak, hiru lan ildorekin: "Biziberritzea, eustea eta berriz irudikatzea". Foru aldundiak sustatu ditu jardunaldiak, Gipuzkoako hainbat eragilerekin batera. "Hamargarren edizioko jardunaldietako jarduerek begirada berriak eskaintzen dituzte gure ondareak dituen erronkei buruz, eta erakusten dute ikerketak, kontserbazioak, sormenak eta gizartearen parte hartzeak nola lagun dezaketen ondarearen etorkizunean", adierazi du jardunaldien aurkezpenean aldundiko Kultura zuzendariak. Era berean, jardunaldiak antolatzeko parte hartu duten eragileak eta parte aktiboa duten herritarrak eskertu ditu, baita herritarrak animatu ere antolatutako jardueretan parte hartzera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide