Jo eta su dantzan, Iñurritzako erromerian

Aritz Mutiozabal

Euskal Jai egunak Iñurritza auzoan borobildu du eguna. Egundoko giroa sortu da zabalgunean eta ermita aldamenean, eta bertaratu diren herritarrek gogotik egin dute dantzan. 

Ohiturari jarraituz, Iñurritza auzoa bihurtu da Euskal Jai eguneko arratsaldearen topagune. Jendetza elkartu da zabalgunean, San Pelaioko ermitaren aurrealdean eta inguruetan, festaren bigarren zatiari jarraipena emateko, eta sekulako giroa sortu da.

Musika Plazatik abiatuta, dultzaineroen eta trikitilarien doinu alaien erritmora iritsi dira herritarrak Iñurritzara, eta haiekin batera aurtengo lehiaketara aurkeztu diren bi karrozak, baita orga sarituak ere. Gipuzkoa kalean zehar kalejirak egiteko eta arin-arinak zein fandangoak dantzatzeko aukera ere izan dute.

Bidean erakutsitako gogoa Iñurritzan bertan erakutsi dute zarauztarrek. Bi erromeria izan dira aldi berean –bata, ermitaren aldamenean, trikitilariekin, eta bestea, Eingo talderekin, zabalgunean–, eta bietan jendea gustura aritu da jo eta su dantzan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide