Zorion betean Euskal Jaietan

Enara Ariznabarreta eta Intza Trula

Euskal Jai eguna gogotik ari dira ospatzen ehunka lagun. Baserritar arropa soinean, giro ona ari da nagusitzen kalean.

Zeru goibelarekin eta tenperatura freskoekin esnatu da gaur Zarautz, baina ordu gutxiren buruan, bestelako itxura hartu du Euskal Jai egunak: kolore biziz jositako baserritar jantziz bete dituzte kaleak herritarrek, eta eguzki izpi batzuk ere argitu dute azkenerako eguna.

Urtero bezala, Gure Boza otxotea, txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak eta Iturengo ttuntturroak izan dira kaleak zapaltzen lehenak. Hortik aurrera, ekitaldi bat bestearen atzetik izan zen herrian: meza nagusia, haurrentzako jolasak, Goiztarrak taldea Frontoi Txikin...

Txapelketei dagokienez, Jose Luis Lasak eta Amaia Zuazobidek azken hilabeteotan landutako karrozak erakutsi dituzte Musika Plazan. Epaimahaiak Lasari eman dio lehen saria, eta Zuazobidek jaso du bigarrena.

Orga lehiaketa ere jokatu dute eguerdian Lege Zaharren Enparantzan: aurkeztu diren 21 orgen artean, Jokin Aranberriren Molla izeneko orgak lortu du lehen saria, eta Iñigo Arrillagaren Arrillagatarrak orgak bigarrena. Hirugarren saria ez banatzeko erabakia hartu dute.

Ordu horretarako, jendez gainezka zegoen dagoeneko Lizardi aretoa. Bertan eskaini du Alprojak Asko genuen esateko emanaldia, euriaren iragarpenagatik.

Etenik ez da izango gaur Zarautzen. Arratsaldean, ekitaldi gehienak Iñurritzan izango dira, baina Musika Plazan, txosnagunean eta Lege Zaharren Enparantzan ere izango da zer gozatua.

Ondorengoa da datozen orduetarako egitaraua:

  • 17:30. Kalejira Musika Plazatik Iñurritzara.
  • 18:00. Haurrentzako jolasak, Iñurritzan.
  • 18:00. Muxutruk erromeria, txosnagunean.
  • Jarraian, DJ Irati, txosnagunean.
  • 18:30. Erromeria trikitilariekin Iñurritzan, eta Eingo taldea Iñurritzako zelaian.
  • 20:00. Larrain dantza, Iñurritzan.
  • 20:30. Kalejira Iñurritzatik Musika Plazara.
  • 22:00. Bide Batez taldearen dantzaldia, Lege Zaharren Enparantzan.
  • 22:00. Trikitilariak Musika Plazan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide