Euria ez da traba dantzarako

Aritz Mutiozabal

Euskal Astearen barruan, plaza dantzak egin zituzten atzo arratsaldean Musika Plazan, Alaken taldeak girotuta. Saioan zehar euria egin bazuen ere, parte hartzaileek dantzan jarraitu zuten, askok kiosko barruan.

"Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko!". Halaxe aldarrikatzen zuen Negu Gorriak taldeak 90eko hamarkadan, Gora herria abestian, eta esaldi hori bera erabil daiteke, moldaketa txiki bat eginda, Euskal Astearen esentzietako bat islatzeko. Izan ere, dantzatzen duen herria da Zarautz, eta bizi-bizirik dago. Horren erakusle izan ziren atzo arratsaldean Musika Plazan egindako plaza dantzak.

Euskal Jai egunaren atarian, herritar ugari elkartu zen Alaken taldeak girotutako eta gidatutako saioarekin gozatzeko. Jendea gogotsu eta pozik bertaratu zen, eta hasierako zirimiriaren beldurrik gabe. Ekitaldiak aurrera egin ahala, ordea, euria gogotik botatzen hasi zen, eta dantzaldia eten zuten, nahiz eta Alakeneko kideak musika jotzen jarraitu zuten.

Eguraldia oztopo ez zenez, kiosko barruan jarraitu zuten hainbatek eta hainbatek mugimenduan, pausoz pauso, eta, beste batzuk, euria apur bat baretu zenean, plazara animatu ziren aterkien laguntzarekin. Azken finean, dantzatzen duen herria ez delako inoiz hilko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide