Lekukoa hartuta, pozarren

Aritz Mutiozabal

Joxe Mari eta Amaia Zuazobide karrozagileak, aurkeztuko duten karrozan joango diren hainbat elementu ondoan dituztela. (Aritz Mutiozabal)

Gaur, Euskal Jai egunez, bi karroza aterako dituzte kalera. Amaia Zuazobidek egin du bat. Emakume bat lehiaketara aurkeztu den lehen aldia da.

"Konturatu ginen inoiz ez zela aurkeztu karrozagile emakumerik, eta, orduan, aitaren laguntzarekin, animatu egin nintzen". Amaia Zuazobide gaur Zarauzko Euskal Jai egunean ikusgai izango diren bi karrozetako baten egilea da, eta abuztu osoan buru-belarri lanean aritu direla azaldu du. Beste karrozaren sortzailea Jose Luis Lasa da, azken urteetan fin-fin aurkeztu ohi dena. Instalazioa bere izenean aurkeztuko duen lehen aldia bada ere, odolean daraman jarduna du Zuazobidek; izan ere, Joxe Mari Zuazobideren alaba da. Haren aita instituzio bat izan da Euskal Jaietan: 30 karroza inguru ditu eginak, eta 2019an Zarauzko Udalak egindako lan eskerga aitortu zion. Alaba beti izan du alboan laguntzen, eta, orain, berak hartu du aitaren lekukoa.

Martxoan, San Jose egunez, Valentziako (Herrialde Katalanak) fallak ikusten izan ziren, eta han ikusitako irudi bat karroza egiteko polita izan zitekeela iruditu zitzaien. "Euskal Jaien mendeurrenean azkenekoz aurkeztu ondoren, erabaki nuen jada ez nuela jarraituko. Orduan, Amaiak eman zuen pauso bat aurrera, eta nik esan nion lagunduko niola", kontatu du aitak.

Lekukoa alabak hartu arren, Joxe Marik barrutik bizi ditu jai hauek eta gertu dago lanerako, nahiz eta gaztetasuna aspaldi utzi zuen atzean. Binomio ederra osatu dutela azaldu Amaiak: "Aitak gehiago eragiten dio buruari. Bera da ideiak argiago dituena, diseinuak marraztuz, eta horiek lantzen dituena naiz ni". Ongi konpondu dira elkarrekin, eta esperientzia ederra izan dela aitortu dute biek.

Aspaldian, zortzi karroza inguru ere aurkeztu izan ziren Euskal Jai egunean, baina apurka-apurka kopuru horiek murrizten joan ziren eta karrozak egiteko ohitura ere desagertzen joan da. Festen mendeurrenean, usadio zaharrari bultzada emate aldera, ahalegin berezia egin zuen udalak eta lau aurkeztu ziren. Iaz, ordea, bakarra irten zen kalera, Lasak egindakoa, eta aurten aipatu biek emango diote kolorea herriari.

Espazio falta

Joxe Mari Zuazobideren ustez, instalazioak lantzeko espazio faltak eragin zuzena du karroza kopuruaren beherakadan. "Nik Jolas enpresan egiten nuen lan, eta udako oporretan han aritzen nintzen karroza egiten. Baina gaur egungo gazteek, non egin behar dituzte?". Gogora ekarri du mendeurrenean udalak lokal bat jarri zuela erabilgarri, eta horrek ahalbidetu zuela jende gehiago aurkeztea. Espazio bateratu batek, gainera, gainerako sortzaileekin elkarlanerako bidea emango lukeela iritzi dio.

Joxe Mari Zuazobide, karrozaren diseinuaren planoarekin. (Aritz Mutiozabal)

Boladak aldatu egiten dira, eta orga lehiaketak nolabait ordezkatu egin du karroza handien presentzia. Belaunaldi berriak orgekin ateratzen dira gaur egun jaietan, eta asko dira horiek txukun atonduta eta apainduta udalak antolatzen duen lehiaketara aurkezten direnak. "Orga txikien lehiaketara aurkezten dira neskak, baina karrozetan estreinako aldia da emakume bat aurkeztu dela", zehaztu du Amaia Zuazobidek.

Lehen emakume karrozagilea izatea "pozgarria" dela aitortu du, baina argi utzi du urte askoan parte hartu duela karrozen sorkuntzan, aitaren aldamenean; eta ziur da, halaber, orain artean izenik aitortu ez bada ere, Euskal Jaien ehun urteko historian aurkeztu diren karroza andanatan emakume asko eta asko egon direla lanean eta parte hartzen. Gainera, sasoi batean karrozetan errepresentazioak egiten zituzten herritarrek, eta gizonak zein emakumeak agertzen ziren haietan. Gaur egun, aldiz, figura hutsak baino ez dituzte aurkezten karrozetan.

Sariekin kritiko agertu dira aita-alabak. Haien proposamenari bigarren saria eman die Zarauzko Udalak, baina egokitu dioten postuarekin baino gehiago, lehiaketaren funtzionamenduarekin daude desados. "Aurten, karroza ikusi gabe eman dituzte sariak. Bidali dizkiegun azalpenetan oinarritu dira erabakia hartzeko. Lehen, Kale Nagusian erakusten genituen karrozak, eta ondoren ebazten zuen epaimahaiak, Musika Plazako kioskoan", arrazoitu dute.

Desadostasunak desadostasun, banketxe bat irudikatu dute zuazobidetarrek karrozan, falletan ikusitakoa oinarri hartuta. "Hango ideia hona ekarri dugu. Garaiko telefono kabina zahar bat gehitu diogu, baita parrokia ondoko iturriaren antzeko figura bat ere", jakitera eman dute. Banketxeari euskal kutsua emateko, bertaratuko lirateken herritarrak irudikatzeko figurak jarri dituzte: baserritarra, arrantzalea, sukaldaria eta langilea. Herritarren gustukoa izateko asmoz erakutsiko dute gaur karroza, kalez kale.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide