Iristear da zarauztarren egutegian gorriz markatutako eguna, irailaren 9a, Euskal Jai eguna. Ordu gutxiren buruan festa giroan murgilduko da Zarautz, eta baserritar jantzi dotorez beteko dituzte herritarrek kaleak. Goizetik hasi eta gauera arteko egitaraua prest dute, haur, gazte zein heldu ororen gozamenerako.
Dianak esnatuko du herria goizean goiz, eguzkia atera aurretik, eta, hortik aurrera, ez da etenik izango: musika aukera zabala eta jan-edanerako zein jolaserako etengabeko aukera izango da. Horrez aparte, meza nagusia, orga txapelketa eta karrozen erakusketa ere egingo dituzte.
Alproja antzerki taldeak ere ez du hutsik egingo Euskal Jai egunez. Asko genuen esateko ikuskizuna eskainiko du, 12:00etan hasita. Ezohiko lekuan izango da: izan ere, Munoako obrak direla eta, emanaldia Zelai Ondo auzoko pistan egitea aurreikusi zuten, baina, azkenean, eguraldi iragarpenari kasu eginez, Lizardi aretoan izango da.
Irailak 9, asteazkena, Euskal Jai eguna
- 07:00. Diana kalez kale.
- 08:00. Goiztarrak taldea kalez kale.
- 08:00. Gure Boza otxotea kalez kale.
- 08:30. Txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak eta Iturengo tunturroak kalez kale.
- 10:30. Meza nagusia Schola Cantorum abesbatzarekin, Frantziskotarren elizan.
- Ondoren, Goizatarrak taldearen eskutik pilota partidak, herri kirolak eta bertsolariak, Frontoi Txikin.
- 11:00-14:00. Egurrezko jolasak, Torre Luzea parkean.
- 11:45. Alproja taldearen irteera.
- 12:00. Alproja taldearen Asko genuen esateko antzezlana, Lizardi aretoan.
- Eguerdian, erromeria trikitilari, txistulari eta dultzaineroekin, Musika Plazan.
- Ordu berean, erromeria trikitilariekin, Lege Zaharren Enparantzan.
- 13:00. Karro lehiaketaren sari banaketa, Lege Zaharren Enparantzan.
- 13:30. Erromeria Fan&Go taldearekin, Lege Zaharren Enparantzan.
- Ordu berean, karrozak ikusgai, Lege Zaharren Enparantzan.
- 14:00. Larrain dantza, Musika Plazan.
- 17:30. Kalejira Musika Plazatik Iñurritzara.
- 18:00. Haurrentzako jolasak, Iñurritzan.
- 18:00. Muxutruk erromeria, txosnagunean.
- Jarraian, DJ Irati, txosnagunean.
- 18:30. Erromeria trikitilariekin Iñurritzan, eta Eingo taldea Iñurritzako zelaian.
- 20:00. Larrain dantza, Iñurritzan.
- 20:30. Kalejira Iñurritzatik Musika Plazara.
- 22:00. Bide Batez taldearen dantzaldia, Lege Zaharren Enparantzan.
- 22:00. Trikitilariak Musika Plazan.