Musika Plaza leporaino, Euskaraz Bizi eguneko herri bazkarian

Enara Ariznabarreta

Euskaraz Bizi eguneko herri bazkaria ospatu dute gaur eguerdian, eta gaur egun euskarak jasaten duen "oldarraldia" salatu dute, besteak beste, aurtengo manifestuan.

Musika Plaza goraino bete da gaur eguerdian  Euskaraz Bizi eguneko herri bazkarian. Bero sapa egin du gaur, eta eguzkitan eserita zeudenek zertxobait sufritu duten arren, lagunartean eta festa giroan ospatu dute eguna. Euskal Herrian Euskarazen antolatutako egitasmoa, ondo pasatzeaz gain, aldarri egitekoa ere bada. Horregatik, mezu zuzena helarazi nahi izan dute antolatzaileek, batez ere euskararen erabilerari dagokionez, herritarrek, enpresek eta erakundeek hartu duten joera kontuan izanda.

Horren harira, antolatzaileek 2026 Euskaraz Bizi Eguneko manifestua ondu dute, non aurten Koldobikek, Adei eta Araitz Berasaluzek, Ernaieko kideek, Leire Udabek eta Miren Arangurenek, ZEGAko kideek irakurri duten herri bazkarian. "Tamalgarria bada ere, Espainiar Estatu mailako ezkerreko gisa aurkezten diren espazioetatik ari dira euskararen aurka egiten, legea bera ere errespetatzen ez duten epaileen laguntzarekin. Tamalgarria eta adierazgarria. Esan bezala, euskara ez delako hizkuntza huts bat, euskarak izate bat eta herri bat ordezten baitu. Erasoen aurrean gure erantzuna euskara!".

Hausnarketarako deia egin diete bazkaltzera bertaratu direnei, eta "hemen zenbatek egiten duzue euskaraz inkontzienteki?" galdera luzatu diete herritarrei. Euskararen aldeko aldarria egin dute beste behin, gaur egun hizkuntzak jasaten duen "oldarraldiaren" aurrean. Euskara hizkuntza hutsa baino gehiago dela defendatu dute, "euskarak egiten gaitu herri", eta hezkuntzan, kalean, aisialdian zein eguneroko harremanetan euskararen presentzia indartzeko beharra azpimarratu dute. Halaber, faxismoaren eta diskurtso xenofoboen gorakadaz ohartarazi dute, eta Zarautzen herri giroaren eta tokiko merkataritzaren galerak euskararen erabileran izan dezakeen eraginaz ere. 

Euskaraz Bizi eguneko ospakizunak arratsaldean jarraituko dute, kalejirarekin. Gauean, 22:30etik aurrera, Ziztada & Rlantz taldearen kontzertua izango da txosnagunean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide