Kukufraka aisialdi programa jarriko dute abian aniztasun funtzionala duten gazteentzat

Enara Ariznabarreta

Kukufraka aisialdi programa. (Zarauzko Udala)

Urriaren 3tik ekainaren 19ra bitartean egingo dituzte saioak, eta izena emateko epea irailaren18ra arte egongo da zabalik.

Aurten ere, Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuek Kukufraka izeneko aisialdi programa abian jarriko dute, urriaren 3tik ekainaren 19ra, aniztasun funtzionala duten gazteei eta nerabeei zuzenduta. Egitasmoaren bidez, aisialdirako gune segurua eta erakargarria eskaintzeaz gain, parte hartzaileen arteko harremanak sustatu eta herriko gizarte bizitzan parte hartzeko aukerak zabaldu nahi dituzte. Hitzorduak udalerriko beste aisialdi taldeetan edo programetan parte hartzen ez duten nerabeei eta gazteei zuzendutakoak dira.

Saioak hileko bi edo hiru larunbatetan egingo dituzte, 17:00etatik 20:00etara, eta Zuberoa kaleko 22. zenbakian dagoen udal ikastaro gelan izango dira. Hala ere, aisialdi inklusiboa sustatzeko asmoz, eguraldiaren eta antolatutako ekintzen arabera, jarduerak beste espazio batzuetan ere egingo dituzte.

Parte hartzeko ordaindu beharreko hileko kuota 12,25 eurokoa izango da, eta irailaren 18ra arte egongo da izena emateko aukera. Izan ere, programan parte hartu ahal izateko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Interesa dutenek Zarauzko Udalaren Herritarren Arreta Zerbitzura jo beharko dute izena ematera. Informazio gehiago nahi izanez gero, 943-00 51 11 telefono zenbakira deitu edo ongizatea@zarautz.eus helbidera mezua bidali daiteke.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide