Emakumeen Etxeak ikasturte berrirako ikastaroak aurkeztu ditu

Enara Ariznabarreta

Zarauzko Emakumeen Etxea. (Utzitakoa)

Abendura arte hainbat ikastaro eta elkartzeko bi gune antolatu ditu Emakumeen Etxeak. Izena emateko azken eguna irailaren 15a izango da.

Emakumeen* Etxeak ikasturte berrirako programa oparoa prestatu du, Jabetze Eskolaren barruan. Hain zuzen ere, abendua bitartean bederatzi ikastaro eta elkartzeko bi gune antolatu ditu, eta horietan izena eman nahi dutenek irailaren 15a arte izango dute horretarako aukera. Jarduera hauen helburua emakumeen ongizatea, parte-hartzea, sormena eta ahalduntzea sustatzea izango da.

Honakoak dira abendua bitarte eskainiko dituzten ikastaroak: Kantu feminista, Neska gazte: Mugitu, Indartu, Ahaldundu!, Korrika hastapena, Irakurle-eskola feminista, Escritoras del mundo, Xilografia tailerra, Atera artea!, Amak Tribuan eta Esta Soy Yo. Halaber, elkartzeko bi gune ere egongo dira, esaterako, Circulo de mujeres migrantes eta Mendi ibilaldiak. Programa osoa honako lotura honetan kontsulta daiteke, eta informazio gehiago nahi dutenek Emakumeen* Etxera jo dezakete zuzenean, eta bertan arreta pertsonalizatua jasoko dute.

Gloria Vazquez Zarauzko Berdintasun zinegotziak udalerriko emakumeak programazioa ezagutzera eta ekimenetan parte hartzera animatu ditu. "Udaletik Emakumeen* Etxearen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, Zarauzko emakumeentzako erreferentzia-gune gisa", azaldu du. Bere hitzetan, aurtengo eskaintza "askotarikoa" da, emakumeen interes eta behar desberdinei erantzuteko pentsatua.

Emakumeen* Etxetik gogorarazi dutenez, Jabetze Eskolaren programazioa zentroak urtean zehar eskaintzen dituen zerbitzuen zati bat baino ez da. Izan ere, prestakuntza-jarduerez gain, aholkularitza psikologikoa eta juridikoa, orientazioa, liburutegia, bilerak egiteko guneak eta emakumeen berdintasuna eta ongizatea sustatzeko beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen ditu.

Izen ematea Emakumeen Etxearen webguneko formulariotik egin daiteke, baita aurrez aurre ere. Eskaera kopurua eskaintza baino handiagoa den ikastaroetan, plazen esleipena zozketa bidez egingo da, eta lehentasuna izango dute Zarautzen erroldatutako emakumeek.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide