Datorren ikasturte berriari begira, Zarauzko Oteitza Lizeo Politeknikoak bere ikasketa eskaintza zabaldu du, Lanbide Heziketako ziklo berri bat martxan jarriz. Hain zuzen ere, Mendekotasun Egoeran Dauden Pertsonei Arreta emateko Erdi Mailako zikloa eskainiko dute aurten lehen aldiz.
Ziklo berriaren programazioan atal praktikoak ere garrantzi handia izango du, eta hori garatzeko sukalde baten beharra dute ikasleek. Horregatik, Zarauzko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu du Oteitza Lizeo Politeknikoarekin, eta ikasleek prestakuntzaren zati praktikoa garatu ahal izateko Gaztelekuko sukaldea erabiltzeko aukera izango dute.
Oteitza Lizeo Politeknikoko arduradunek Zarauzko Udalaren laguntza eta lankidetza eskertu dituzte, bai ziklo berriaren sustapenean, baita haren prestaketan eta martxan jartzean ere. Haien esanetan, elkarlan horri esker, "inguruko errealitate sozialari eta profesionalari lotutako prestakuntza praktiko eta kalitatezkoa" eskaintzen jarraitu ahal izango dute.
Era berean, nabarmendu dute mendekotasun egoeran dauden pertsonen arretaren esparrua gero eta behar handiagoa duen sektorea dela Urola Kostan, eta ziklo berriak behar horri erantzuteko profesional berriak prestatzeko aukera emango duela.
Irune Urbieta Zarauzko Udaleko Hezkuntza zinegotziaren hitzetan, zikloa Udalaren eta Oteitza Lizeo Politeknikoaren arteko elkarlanaren emaitza da. "Ikasketa hauek udalerriarentzat interesekoa den arlo bat indartzen dutela uste dugu eta, horregatik, udaletik gure eskura dauzkagun baliabideekin laguntzen saiatuko gara", azpimarratu du.