'Enbata' ezustekoaren bila aterako da Kontxako sailkatze estropadetara

Enara Ariznabarreta 2026ko irailaren 2a

'Enbata' Orion irabazitako banderarekin. (Julene Sorarrain)

Gaur eta bihar jokatuko dituzte sailkatze estropadak Donostian, 18:00etan hasita. Zarauzko gizonezkoek eta emakumezkoek denboraldi paregabea egin ondoren, presiorik gabe aterako dira.

Iraila iristearekin batera, arraunaren urteko hitzordu garrantzitsuenetariko bat, Kontxako Bandera, ate joka da. Donostiako badian jokatuko den estropadak arraunaren munduko talde eta zale ugari elkartuko ditu beste behin. Sailkatze estropadak gaur eta bihar jokatuko dituzte: gaur gizonak lehiatuko dira, eta bihar emakumeak. 18:00etan hasiko da lehia bi egunetan, eta traineruek datozen bi igandeetarako txartela eskuratzea izango dute helburu. Donostiako ordezkariaz gain, zazpi ontzik baino ez dute lortuko estropada nagusian parte hartzea.

Gizonetan 24 traineru arituko dira lehian. Eusko Label ligako ontziek osatuko dute, nagusiki, lehen multzoa, eta gainerako taldeak KAE eta Galiziako ligetatik iritsiko dira. Emakumeetan, berriz, hemeretzi ontzi lehiatuko dira biharko estropadan. Euskotren ligako zazpi ontziez gain, ETE ligako lehen bi sailkatuak –Hondarribia eta Zarautz–eta Galiziako Perillo ariko dira lehen multzoan; B multzoan, berriz, ETE ligako zein Galiziako gainerako traineruak.

Guztira, eskualdeko zazpi ontzi uretaratuko dira gaur eta bihar Donostian, eta horien artean, Enbata-ko bi traineruak

Zarautz

Kontxako Banderak badu beste edozein estropadatik bereizten duen zerbait. Denboraldi bikaina egin arren, sailkapena ez dago inorentzat bermatuta, eta horren adibide da Zarautzek iaz bizi izan zuena. Irteeran estatxa behar baino lehenago askatzeagatik hamar segundoko zigorra jaso zuen emakumeen taldeak, eta bederatzigarren postura jaitsi zen. Aurten, arraunlariak gogotsu eta urduri daudela kontatu digu Juanjo Etxarte entrenatzaileak; izan ere, "Kontxakoa tradizio handiko estropada da". Taldea oso ondo iritsi dela dio, baina Kontxak eragiten duen presioaz ohartarazi du. "Ez dago huts egiterik, hutsegiteak garesti ordaintzen dira". Aurkari nagusitzat Euskotren ligako traineruak eta Hondarribia jo ditu Etxartek, baina ETE ligako edozein ontzik ezustekoa eman dezakeela eta Galiziatik iritsiko diren taldeen maila ezezaguna dela ere nabarmendu du.

Zarauzko gizonek ere denboraldi paregabea egin dute. Gari Uranga entrenatzaileak onartu du ez dutela "presio berezirik", izan ere, "soilik zazpi plaza daude, eta gu horietatik urruti samar gaude". Hala ere, Urangak gogorarazi du "presio gabe eta munduko ilusio guztiarekin joateak, agian, estropada ona egitea ahalbidetuko" diela. Nahiz eta Kontxara "ilusioz eta ondo" iritsi, zarauztarrak ez du uste sailkatzeko aukerarik dutenik, "amets bat" litzateke bestela izatea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide