Karlos Argiñano, Iraia Elias eta Iñigo Azpitarte, presente Zinemaldiko euskal ekoizpenetan

Aritz Mutiozabal

'Un tal Karlos' dokumentala estreinatuko dute Zinemaldian.

Un tal Karlos film dokumentala estreinatuko dute Zinemiran, baita Mahaia Kolektiboko 23 sukaldari eta hainbat artista biltzen ditu 300 haritz filma ere. Elias eta Azpitarte aktore zarauztarren Azken agurra emango dute Sail Ofizialean, lehiatik kanpo. Eliasek, gainera, Simulacro lana ere izango du jaialdian. era berean, Oteizari buruzko Hamalau gau dokumentala eskainiko dute Zabaltegi Tabakaleran.

Aurreko ostiralean aurkeztu zuten 74. Donostiako Zinemaldiaren, Tabakaleran eginiko ekitaldian, eta aurten, irailaren 18tik 26ra bitartean, 31 euskal ekoizpen ikusi ahal izango dira jaialdiak barnebiltzen dituen sail ezberdinetan. Aipatu lanetan eskualdeko aktoreak edo eskualdeko gai edo pertsona esanguratsuak protagonista dituen filmak ikusteko parada zabala izango da, gainera.

Zinemira euskal zinemari eskainitako sailak, adibidez, hamahiru proposamen jasoko ditu, eta horietako hamar mundu mailako estreinaldiak izango dira. Azken horiek Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko aukera izango dute; hau da, 20.000 euroko saria film irabazlearen ekoizlearentzat. Hain justu, Igor Legarreta leioarrak irekiko du saila, Ramiro Pinillaren eleberrian oinarritutako Inurri itsuak  filmarekin; protagonisten artean, Kimetz Etxabe aktore zumaiarra dago.  Itxiera, berriz, Un tal Karlos film dokumentalak emango dio: Arantxa Aguirre zuzendari madrildarrak Karlos Argiñano sukaldari eta telebista aurkezlearen bizitzaren errepasoa egiten du bertan.

Dokumentalekin eta sukaldean jarraituz, 300 haritz filmak Mahaia Kolektiboko 23 sukaldari eta hainbat artista biltzen ditu, jatorria begietatik galdu gabe aurrera egiteari buruz hausnartzeko. Aitor Aranguren errenteriarraren lehen film luzea da, eta, bertan, besteak beste, Aitor Arregi, Igor Arregi eta Pili Manterola sukaldari getariarrek hartu dute parte

Nitya Lopez Saitua zuzendari bizkitarrak ere bere lehen film luzea aurkeztuko du, Simulacro izenburupean, eta ekoizpeneko aktore nagusietako bat da Iraia Elias zarauztarra, Miguel Garcesekin batera. Simulacro, ordea, ez da izango Eliasek Zinemaldiko pantaila handira eramango duen film bakarra. Koldo Almandozen Azken agurra izango da ikusgai Sail Ofizialean, baina lehiatik kanpo, eta aktore zarauztarra ekoizpenean egin du lan. Berekin batera, Iñigo Azpitarte zarauztarrak ere hartu du parte, eta aktore taldea Izaro Nietok, Josean Bengoetxeak eta Iñaki Beraetxek osatu dute. Almandozen filma ere Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da.

Zinemiran, era berean, Itzalak argitzen aurkeztuko dute Almandozek eta Gorka Bilbaok. Iaz, Eusko Jaurlaritzak, EITBk eta Euskadiko Filmategiak 80ko hamarkadaren erdialdean erabat euskaraz zuzendutako lau film ertain berreskuratu eta zaharberritu zituzten, eta horri buruzko dokumentala da. Elkarrizketatuen artean Anjel Lertxundi agertzen da, aipatu film ertain horietako baten egilea.

Zabaltegi Tabakalera sailean, berriz, Jorge Oteiza euskal artistaren unibertsoan murgiltzen den Oskar Alegria zuzendari nafarraren Hamalau gau dokumentala emango dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide