Junior mailako Munduko Surf Txapelketa jokatuko dute Oxel Oregik eta Nahia Calderonek

Aritz Mutiozabal 2026ko irailaren 1a

Oxel Oregi eta Nahia Calderon. (Utzitakoa)

Ostegunean hasiko da ISA World Junior Surfing Championship txapelketa, eta surflari zarauztarrak Espainiako selekzioarekin ariko dira lehian El Salvadorren.

ISA World Junior Surfing Championship txapelketa jokatuko da ostegun honetan hasi eta irailaren 13ra bitartean, El Salvadorreko La Bocana eta El Sunzal hondartzetan, eta Zarauzko bi ordezkari izango dira bertan lehian: Oxel Oregi eta Nahia Calderon. Denboraldi bikaina osatzen ari dira biak ala biak –Oregi mutilen 18 urte azpikoen mailan, eta Calderon, berriz, nesken 16 urte azpikoen mailan–, eta lortu dituzten emaitzak ez dira oharkabean pasa Espainiako hautatzailearentzat.

Bi zarauztarrekin batera, ondorengo hamar surflari hauek osatuko dute selekzioko taldea: Dylan Donegan, Sol Borelli, Oinatz Ortega, Adriana Hidalgo, Julieta Rodriguez-Villamil, Alvaro Casanova, Martin Garcia-Eizaga, Ander Mendiluze, Carla Morera eta Oihane Goñi, hain zuzen ere. Guztira, 55 herrialdek hartuko dute parte txapelketan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide