Zehaztuta geratu da Lizardi sariko finalerako seikotea

Aritz Mutiozabal 2026ko abuztuaren 29a

Lizardi sariko bigarren kanporaketako bertsolariak, atzo, Santa Klara komentuko aretoan. (Motxian-Etxebeltz)

Haira Aizpurua sararra gailendu zen atzo iluntzean jokatutako bigarren kanporaketan, 219,5 puntu lortuta. Maddi Aiestaran izan zen lehen saioko irabazlea, eta aipatu biekin batera, Bittor Altube, Haizea Arana, Irantzu Idoate eta Martin Abarrategi ariko dira irailaren 4ko finalean.

Atzo gauean jokatu zuten Bertsolari Gazteen 50. Lizardi Sariko bigarren kanporaketa Santa Klara komentuko aretoan, eta jada zehaztuta geratu da irailaren 4ko final nagusian ariko den seikotea. Atzokoan Haira Aizpurua nagusitu zen, eta lapurtarrak zuzenean lortu zuen finalerako txartela, bezperan Maddi Aiestaran beasaindarrak egin bezala.

Gainerako lau finalistak Bittor Altube abadiñarrak, Haizea Arana eskoriatzarra, Irantzu Idoate hazpandarra eta Martin Abarrategi aramaioarra izan dira. Kanporaketa bakoitzetik bina bertsolari sailkatu dira puntuazioaren arabera: Altube eta Arana lehen saiotik, eta Idoate eta Abarrategi bigarrenetik.

Aurten ez da eskualdeko ordezkaririk izango txapelketako azken txanpan, baina oso gutxigatik. Izan ere, Abarrategik eta Uxue Alkorta zarauztarrak 209,5na puntu lortu zituzten, bakoitzak bere saioan, baina berdinketa hausteko irizpideen arabera, epaile bakoitza bietako nor duen hobetoen sailkatua hartzen da kontuan, eta, hala, aramaioarrak egin du aurrera.

Finala Modelo aretoan jokatuko dute datorren ostiralean, 22:00etan hasita. Saiorako gonbidapenak finala baino ordubete lehenago eskuratu ahal izango dira aurten ere, doan, aretoko txartelegian. Malen Aizpuruak gidatuko du finaleko saioa eta hark jarriko dizkie gaiak azken txanpan ariko diren sei bertsolariei.

Atzoko kanporaketari dagokionez, Haira Aizpurua gailendu zen 219,5 punturekin, eta haren atzetik oso gertu sailkatu zen Irantzu Idoate, 213,5 puntu eginez. Hirugarren postua Martin Abarrategirentzat izan zen, 209,5 punturekin, eta Laugarren postua eki mateorenantzat, 207,5ekin. Hurrengo lau sailkatuak ondorengo hauek izan ziren: Suhar Gesalaga (203,5 puntu), Mikel Etxezarreta (198 puntu), Adei Urbitarte (190 puntu) eta Ekain Tolaretxipi (184,5 puntu).

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide