Gorka Olazabal: "Txikia nintzenean, beldurra genien buruhandiei, baina orain 'frikitasun' positibo bat dago"

June Montero Viguera ('Berria' egunkaria) 2026ko abuztuaren 29a

Gorka Olazabal, bakarrizketa batean. (Maria Maya Manterola)

Haurrei eta familiei buruhandi arinak egiten erakusten die Gorka Olazabalek. Erraldoiekin dantzatzen irakasteko tailerrak ere ematen ditu: "Gogotsu gaude; izan ere, mutilak dantzan jarri ditugu, eta hori ez da erraza".

«Pistola beroa, guraizeak, ahoen eta begien ereduak, oihalak eta ilea». Pisurik gabeko buruhandi bat egiteko premiazkoak diren materialen zerrenda errepasatu du Gorka Olazabalek (Zarautz, Gipuzkoa, 1973). Hain zuzen ere, horiek dira «buruarin bat» muntatzeko behar diren osagaiak. Olazabali eta Oihana Aristegi lankideari 2013an bururatu zitzaien buruhandien bertsioak egitea, umeak jolasean ibiltzeko modukoak. Geroztik, Euskal Herri osora hedatu dira buruarinak, eta baita nola egiten diren irakasteko haurrentzako tailerrak ere. Atzo [herenegun], Hor Dago Abante konpartsak Bilbora ekarri zuen tailerra, eta konpartsaren elefante koloreduna irudikatzen zuten buruarinek bete zuten Areatzako teilapea.

Izenak buruhandiak ekartzen ditu gogora, baina ez dira gauza bera. 

Bi hitzek lotura dute. Buruhandiak oso pisutsuak dira, eta, umeek jostailu gisa erabili nahi dituzten arren, ezin dira haiekin jolastu. Hazi arte, arazoak dituzte maneiatzeko. Proiektuaren hasierako ideia izan zen hori: pisurik gabeko jostailu bat sortzea. Buruhandien izenetik abiatuta, handiak izan beharrean arinak direnez, buruarin izena aukeratu genuen. 

Buruarinak saltzen hasi zineten lehendabizi, eta geroxeago heldu ziren tailerrak.

Buruarinen taldea osatzen dugunoi jendeari entzutea gustatzen zaigu. Hasieran zuzeneko salmentarako produktu bat ateratzea izan zen gure proposamena. Hainbat modelo diseinatu genituen, Euskal Herriko buruhandiekin eta kulturarekin zerikusia zutenak. Azoketan saltzen hasi ginen, eta gero, saltoki batzuetan. Pandemiaren aurretik 65 saltoki geneuzkan Hego Euskal Herrian. Urtean 3.000 buru saltzen genituen. Orduan, jendeak galdetu zigun: «Hau ezin dugu guk egin?». Eta buruarinen tailerra sortu genuen. 

Zeintzuk dira buruarin bat egiteko urratsak?

Buruarina desmuntatuta eramaten dugu, hiru dimentsioko puzzle bat izango balitz bezala. Tailerrera eredu jakin batzuk eramaten ditut, eta umeek bi orduan muntatzen dute buruarina. Deabruak, piratak, erleak eta sagu zaharrak eramaten ditugu, adibidez. Zezena da salmentetan arrakastarik handiena duen buruarina, baina ez da tailer batean egiteko modukoa. 

Elkarrizketa osorik irakur daiteke Berria.eus atari digitalean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide