Gutuna

Lurzoru segurua eta higienikoa nahi dugu Merkatu Plazarako

Merkatu Plazako erabiltzaile talde bat 2026ko abuztuaren 30a

Merkatu Plazako lurzoru zikinaren irudi bat, aste honetan aterata.

Merkatu Plazan aspalditik duten arazoa salatzeko eta irtenbide bat eskatzeko, Zarautz Gukara bidali du gutun hau merkatuko erabiltzaile talde batek.

Zarauzko Merkatu Plazan berrantolaketa-lanak egin eta baldosa berriak jarri ondoren, labainketa eta erorketa ugari gertatu ziren. Arazoa konpondu nahian, zoruan produktu bat aplikatu zuten, jendeak labainketa arrisku txikiagoa izan zezan.

Hala ere, tratamendu horrek zorua garbitzea zailtzen du, eta, ondorioz, zoruak ez ditu betetzen elikagaiak saltzen diren eremu batek eskatzen dituen higiene eta osasungarritasun baldintzak. Izan ere, onartezina da zorua ez-segurua izatearen eta higiene baldintza egokiak mantentzea zailtzen duen tratamendu baten artean aukeratu behar izatea. Horregatik, gure segurtasuna eta merkatuaren garbiketa egokia bermatuko dituen irtenbide tekniko bat aurkitu beharko litzateke.

Hori dela eta, egoera berrikusteko, zoruan aplikatutako produktua aztertzeko eta arazoari behin-betiko konponbidea emateko eskatzen diegu bai Zarauzko Udalari, bai Merkatuaren arduradunei. Merkatu Plazak baldintza seguruak, duinak eta higienikoak eskaini behar dizkielako bai merkatariei, bai erabiltzaileei.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide