II. Kostamendi zikloturistentzako martxa egingo dute irailaren 20an

Intza Trula 2026ko abuztuaren 28a

Hainbat txirrindulari iaz, Kostamendi zikloturistentzako martxaren hasieran. (Julene Sorarrain)

Parte hartu nahi dutenek irailaren 13a baino lehen eman beharko dute izena. Aurtengo edizioan, Ane Santesteban txirrindulari profesional ohia izango da gonbidatu berezia.

Pasa den urtean antolatu zuten estreinakoz Kostamendi zikloturistentzako martxa, eta, antolatzaileen pozerako, dortsal guztiak agortu zituzten. Lehen aldiko arrakasta ikusita, bigarren urtez antolatu du martxa Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkarteak: irailaren 20an izango da, igandez.

100 kilometroko ibilbidea izango da, 1.250 metroko desnibel positiboarekin, eta hasiera zein amaiera Zarautzen izango dira. Ibilbidean zehar, Zumaiatik Itziar, Mutrikutik Kalbario eta Elgoibartik Azkarate igoko dituzte, besteak beste.

Iaz, Usoa Ostolaza etxeko txirrindularia omendu zuten ekitaldiaren aurretik, eta aurten ere izango da gonbidatu berezirik: Ane Santesteban Errenteriako (Gipuzkoa) txirrindulari profesional ohiak parte hartuko du hitzorduan.

Hori horrela izanik, martxan parte hartu nahi dutenek irailaren 13ra arte izango dute dortsala eskuratzeko aukera. Horretarako, rockthesport.com webgunera jo beharko dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide