Zarauzko herritik mundura

Enara Ariznabarreta 2026ko abuztuaren 26a

Elene Fresco, Nora Merino eta Nagore Alza, Munduko Txapelketa irabazi ondoren. (Utzitakoa)

Nora Merinok, Elene Frescok eta Nagore Alzak jubenilen Munduko Eskubaloi Txapelketa irabazi dute. Etxeko harrerarekin hasi da Merino lorpenaz jabetzen.

Nagore Alzak, Elene Frescok eta Nora Merinok historia egin dute Espainiako selekzioarekin. Hiru zarauztarrek jubenilen Munduko Eskubaloi Txapelketa irabazi dute Errumanian, finalean Montenegro 26-23 mendean hartuta. Norgehiagoka ez zen erraza izan, eta Espainiako taldeak hiru goleko desabantaila ere izan zuen bigarren zatian. Azken hamar minutuetan, ordea, 8-1eko partzialarekin partidari buelta eman, eta txapela lortu zuten. Fresco, gainera, txapelketako jokalaririk onena izendatu zuten.

Merinorentzat, ordea, txapelketa irabaztea ez zen hasieratik espero zuten zerbait izan. Lehen bi partidetan izandako sentsazioek zalantza ugari sortu zizkieten: "Hasieran pentsatzen genuen, bai guk eta bai entrenatzaileek, ez genuela irabaziko". Txapelketa aurreko entrenamenduak ez ziren onak izan, eta lehen bi partidak irabazi bazituzten ere, jokatzeko moduak ez zituen konbentzitu. "Oso gaizki jokatu genituen", aitortu du zarauztarrak.

Egoera horretan, final laurdenetara iristea ez zuten ziurtzat jotzen. Gainera, txapelketako gurutzaketak "zailak" ziren eta selekzioko kideek ez zuten argi ikusten hurrengo fasera igaroko zirenik. Hirugarren partida Alemaniaren aurka jokatu zuten, eta garaipen hark aldatu zuen egoera. "Partida hura irabazi ondoren motibatu egin ginen, eta pixkanaka-pixkanaka konfiantza irabazi genuen", azaldu du Merinok.

Taldearen indarra

Txapelketan zehar jokalariak une oro elkarrekin egon dira eta giro ona izan dute. "Haserrealdirik gabe eta konfiantza handiarekin" aritu direla dio Merinok, taldekide guztiek "edozer gauza esateko askatasuna" izan dutela, eta, batez ere, elkar lagundu eta babestu direla.

Talde barruko harreman horretan, bereziki aipatu du Merinok Fresco herrikidearen lana. Fresco Munduko Txapelketako jokalaririk onena izendatu zuten, eta Merinok harrotasunez bizi izan zuen albistea. Haren ustez, "asko merezi du" izendapena Frescok, eta horren atzean lan eta sakrifizio handiak daude. "Gauza asko sakrifikatu ditu eskubaloiagatik", nabarmendu du.

Errumanian, gainera, leku eta jatorri ezberdinetako jokalariekin bizitzeko aukera izan dute. Horrek eskubaloia beste leku batzuetan nola bizi eta lantzen den ezagutzeko aukera eman die. Besteak beste, entrenatzeko moduak eta jokalarien egunerokoa ezagutu dituzte, eta "lagun asko" egin dituela ere azpimarratu du Merinok.

Etxetik urrun

Munduko Txapelketa irabazteko bidea, baina, ez zuten Errumanian hasi. Aurretik, 40 eguneko egonaldia egin zuten, eta egunerokoa gogorra izan zela aitortu du Merinok. Goiz eta arratsalde entrenatzen zuten, eta zarauztarrak argi dauka garaipenaren atzean ez dagoela soilik ahalegin fisikoa: "Esfortzu fisikoaz gain, esfortzu mentala ere izugarria da".

Familia urrun izatea ere ez da erraza izan. Merinok dio hori izan dela esperientzia osoaren alderdirik gogorrenetako bat. Egun guztiak ez dira berdinak izaten, eta entrenamendu batean gauzak espero bezala ateratzen ez direnean, norberaren buruarekin zalantzak ere ager daitezke. "Agian beste taldekideak baino okerragoa zarela pentsatzen duzu", azaldu du. Horrelako egoeretan, gainera, lehen egunetan beste jokalarien aurrean "txikiago" sentitu zaitezkeela ere aitortu du Merinok. Horregatik, garaipena eskuratzeko orduan "taldearen babesa eta gertutasuna ezinbestekoak" izan dituela dio.

Ospatu beharrekoa

Munduko txapeldun izatea lortu ondoren, ospatzeko denbora gutxi izan zuten. Goizeko lauretan zuten itzulerako hegaldia, eta gauerdian hoteletik atera behar izan zuten.

Garaipena elkarrekin ospatzeko tarteren bat hartu zutela adierazi du Merinok, baina dio oraindik ez dutela behar bezala ospatu lortutakoa. Madrilen elkartzeko asmoa dute, eta han egingo dute ospakizun handiagoa.

Herriaren harrera

Errumaniatik bueltan, herrian harrera berezia izan zuten hiru zarauztarrek. Alza, Fresco eta Merino munduko txapeldun bihurtuta itzuli ziren etxera, eta herriak aitortu nahi izan zuen haien balentria.

Aste Nagusiaren hasierako txupinazoa botatzeko ardura, hain zuzen ere, Frescok eta Merinok hartu zuten. Alza ezin izan zen udaletxean egon, oporretan baitzegoen, baina hura ere izan zuten gogoan ekitaldian. Hari, berriz, astelehenean egin zioten harrera udaletxeko pleno aretoan.

Txupinazoa botatzeko proposamenak poza eta esker ona eragin zizkien bi jokalariei. Merinoren ustez, gainera, garrantzitsua izan zen emakumeek kirolean duten presentzia eta garrantzia ikusarazteko. Udaletxeko balkoira atera zirenean, ordea, urduritasuna ere sentitu zuten: "Hasieran pixka bat urduri geunden, jende pila bat zegoen", kontatu du.

Udaletxean txapel eta lore sorta bana jaso zituzten, eta Lege Zaharren Enparantzan elkartutako herritarren aurrean hitz egiteko aukera izan zuten. Merinok aitortu du "oso gustura eta eskertuta" sentitu zela. Harrerak, gainera, Errumaniatik itzuli izanaren sentsazioa areagotu zien. Txapelketan oso ondo pasatu zuten arren eta esperientziaren garrantzitsua izanagatik, hainbeste denbora etxetik kanpo egon ondoren, Zarautzera itzultzea "beharrezkoa" zuen Merinok: "Etxera itzultzeko kristoren gogoa nuen".

Etorkizuna

Munduko txapeldun izateak ez du Merinoren lehentasuna aldatu. Bilbora joango da Medikuntza ikastera eta hango talde batean jarraituko du eskubaloian. Beste kluben baten eskaintza jasoko balu, aztertuko luke, baina ez ditu ikasketak bigarren mailan utziko.

Zarauztarrak badu oraindik bete gabeko ametsik. Lortutakoaren ondoren, helburu oso argia du buruan: Olinpiar Jokoetan parte hartzea. "Olinpiada batzuk jokatzea izugarria izango litzateke, eta irabaziz gero, are gehiago", aitortu du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide